Warcraft I: Remastered Warcraft II: Remastered eta Warcraft III: Reforged biltzen ditu hainbat berritasunekin.

Warcraft gaur egun WoW dela esan badezakegu ere, guztia estrategiaren generoaren baitan hasi zen orain 30 urte. Erroetara begira jarri dira Blizzard-ekoak urteurren berezia ospatzeko zuzenekoan: Warcraft Remastered Battle Chest merkaturatu dute lehen hiru joko klasikoak omentzeko.

Warcraft: Orcs & Humans, Warcraft II: Tides of Darkness eta Warcraft III: Reign of Chaos apaindu nahiz txukundu dituzte horretarako. Hiru jokoen birmasterizazioak prestatu dituzte bilduma bakarrean, era guztietako hobekuntzak inplementatuta.

Lehen bi jokoek Remastered azpititulua jaso dute kalitate handiko atal grafikoarekin batera. 2D estetika mantentzen da, baina bereizmen handiagoko sprite-kin eta irudi berriekin. Grafiko berriak gorroto badituzu, lasai: edozein unetan estetika originalera itzultzeko aukera gehitu dute. Musika aldetik, soinu banda originala mantendu dute, baina kalitate handian entzuteko aukera daukagu oraingoan.

Aginteak zaharberritu dituzte, baita bizitza kalitateko hobekuntzak gehitu ere. Bizitza barrak edo laster teklen adierazleak ikusiko ditugu orain borroketan, interfazea argituz. W2k Battle.net euskarria jaso du, zortzi jokalarirentzako online partidak ahalbidetuz. Warcraften kondairen eta heroien entziklopedia irakur dezakegu, bukatzeko.

Ez zaizula aipatutako ezer interesatzen? Ez arduratu, bi joko originalak ere aurkituko baititugu bilduman.

Warcraft III: Reforged-en kasuan, 2020an kaleratutako birmasterizazioaren 2.0 bertsioa kaleratu dute egileek. Era guztietako aldaketak dakartza, baina klasikoaren jarraitzaileek gehien eskertuko dutena Classic HD aukera da: kalitate handiko grafiko originalekin jokatzea ahalbidetzen du.

Horrela, Reforgedekin iritsitako modelo, efektu eta soinu berriak albora ditzakegu. Hautaketa egin dezakegu, gainera: menuan Classic HD edo Reforged estiloko unitateak, inguruneak, heroiak, eraikinak, soinuak zein interfazea aukera daitezke. Birmasterizazioaren atal grafikoak eragindako haserrea kontuan hartuta, berandu, baina erabaki egokia hartu dute Blizzardekoek.

Itxura originala mantentzearekin batera, askotariko hobekuntzak eta zuzenketak gehitu dizkiote W3ren birmasterizazioari. Aldaketen zerrenda webgune ofizialean dago.

Battle.net saltokian eros ditzakegu hiru jokoak: trilogia bilduman zein bakarka saltzen dabiltza.