Hiru kanpaina eskainiko ditu Nintendo-ren Advance Wars zein Fire Emblem tituluetan oinarritutako abenturak.
Chucklefish eta Robotality estudioek Wargroove 2 iragarri dute: Nintendo Switch kontsolarako zein ordenagailuetarako bertsioak prestatzen dabiltza.
Txandakako estrategia taktikodun —argi dagoenez, Advance Wars, Final Fantasy Tactics edo Fire Emblem sagetan oinarritzen da— bideojokoaren jarraipen zuzena izango da: deskribapenean azaltzen dutenez, gidoia jatorrizko lanetik hiru urtetara kokatuko da. Hiru izango dira baita eskainiko dituen kanpainak: hauen istorioak eta pertsonaiak elkarri lotuta egongo diren arren, fakzio desberdinak kontrolatuko ditugu.
Aurrekoan zaldunen girotzea nagusi bazen ere, oraingoan piratengana joko dutela ikus daiteke aurkezpen trailerrean. Auraniako kostaldean zehar ariko gara abenturak bizitzen eta etsaiak garaitzen.
Berritasun handietako bat groove sistema da: heroi nagusiek abilezia bereziak erabiliko dituzte honi esker. Ohi bezala, xehetasunez betetako pixel art estetika ikusiko dugu: pertsonaia zein mundu koloretsuak eta ederrak dira nagusi.
Kanpainaz gain, Conquest modalitatea ezagutu dugu. Roguelike mekanikekin, borroka azkarrak proposatuko ditu; halere, partida barnean erabiliko dugun urrea nahiz unitateak ondo kudeatzea ezinbestekoa izango da garaipena eskuratzeko.
Bukatzeko, gudu zelai berezituak sortzeko editorea aipatu dute arduradunek: tresna mordoa ekarriko dutela diote. Ez hori bakarrik: hizketaldiak eta bestelako egoera bereziak sortu ahalko ditugu. Horiekin kanpaina propioak eratzeari ekin diezaiokegu; hauek sarean partekatuko ditugu, gainera. Partekatzea aipatuz, lau jokalarirentzako borroka kooperatiboak zein versus guduak lehiatu ahalko dira.
Wargroove 2k ez dauka argitaratze datarik. Esan bezala, Switch eta PC plataformetan kaleratuko da.
Iruzkinak