Games Workshop eta Owlcat Games fantasiazko unibertsoan girotutako CRPG abentura garatzeko elkartu dira. PC-ra eta kontsoletara iritsiko da.
Warhammer 40k unibertsoak dozenaka bideojoko jaso ditu azken urteotan; azkena, oraintxe bertan iragarri da. Warhammer 40,000: Rogue Trader ezagutzera eman dute Owlcat Gameseko garatzaileek. Pathfinder: Kingmaker maitatuaren arduradunak dira, eta antzeko estiloa mantenduko dute abentura berrirako.
Warhammer Skulls 2022 Showcase aurkezpenean erakutsi dute bideojokoa trailer luzearekin. Tituluak adierazten duen bezala, oraingoan salerosle alproja baten rola hartuko dute jokalariek: enperadorearen bedeinkapenak dituzten pertsona hauek inperioaren zokoak esploratzen dituzte. Koronus Expanse deitutako gune ezezagunean ibiliko gara.
CRPG abentura izango da Rogue Trader; hau da, paperezko eta arkatzezko rol jokoen kutsua duen bideojokoa. Ikuspegi isometrikoarekin, estrategia eta erabaki taktikoak izango dira ardatza. Modu horretara, Warhammer 40k unibertsoko lehen CRPG titulua izango direla adierazi dute harro Owlcatekoek.
Hizketaldi sakonetan ere parte hartuko dugu, eta bertan hartutako erabakiek gure pertsonaiaren patua gidatuko dute. Nola ez, protagonistak hainbat lagun bilduko ditu bere taldean: espazioko marineak, Aeldariak eta gehiago aipatzen dira prentsa oharrean.
Oraindik argitaratze data zehatzik gabe, PCko bertsiorako Founder’s Pack izenpean hasi dira erreserbekin: adierazi dutenez, hauek jokoaren garapena finantzatzen lagunduko dute, eta erosleei ezaugarri bereziak eskainiko dizkiete.
Ordenagailuekin batera, kontsoletarako ere prestatzen ari dira Rogue Trader; hala eta guztiz ere, ez dituzte plataformak ezagutarazi.
Iruzkinak