Saber Interactive eta Focus Entertainment arduratuko dira berriz Titus espazioko marinearen abenturaz.

Warhammer 40.000: Space Marine 3ren garapena abian da. Games Workshop enpresako frankiziaren arduradunek prentsa oharraren bitartez iragarri ditu tiro jokoen sagaren hirugarren atala.

Asko falta da ikusteko, noski: “Space Marine 3 argitaratzeko urteak geratzen dira, ziurrenik”, diote testuan. Iragarpena irudi batez osatutako bideoarekin egin dutela ikusita, argi dago garapena luzerako doala. Hala ere, Space Marine 2k lortutako arrakastaren ondoren, ez dute itxaron nahi izan, eta zaleei Demetrian Titus soldaduaren abenturekin jarraituko dutela aditzera eman diete.

Izan ere, bigarren jokoak sei milioi salmentak gainditu zituen 2025 hasieran. Steam bezalako plataformetan balorazio oso positiboak bilduta, Saber Interactiveko arduradunek adabaki eta eduki gehigarri desberdinekin SM2 elikatzen jarraitu dute: gaur, adibidez, probak egiteko zerbitzari publikoa abiatu dute. Aurretik Datavault gaurkotzea jaso du, esaterako, erronka, arma eta armadura berriak musutruk gehituta.

Laster Horda modalitatea inplementatuko dutela aurreratu dute egileek: dozenaka arerioren aurkako samaldak eutsi beharko ditugu lagunekin batera.

Warhammer zein Warhammer 40k unibertsoetan oinarritutako bideojokoek hazkunde nabarmena ikusi dute azken urte luzeotan. Space Marine da azpisagarik arrakastatsuenetakoa, baina bidean Total War: Warhammer, Vermintide, Mechanicus, Darktide edo Bolt Gun bezalako jokoak iritsi zaizkigu, besteak beste, balorazio ikaragarriak eskuratuta.

Warhammer 40.000: Space Marine 3ren garapenari ekin dio Saber Interactivek.