Lehena XCOM estiloko txandakako estrategia jokoa da; bigarrena, bestalde, hirugarren pertsonako tiro joko basatia dugu.
Warhammer frankizia ezagunean girotutako bideojokoak geroz eta ohikoagoak dira. 40.000 unibertsokoak ditugu nagusi, eta Warhammer Skulls 2024 ekitaldian berritasunak jaso ditugu: Mechanicus II ofizialki aurkeztu dute, eta Space Marine 2 irrikatuak multijokalariari buruzko xehetasunak eskaini ditu.
Warhammer 40.000: Mechanicus II Bulwark Studios taldeak Kasedo Games argitaletxearen aterpean garatutako estrategia jokoa da. Aurrekoan bezala, XCOM bezalako txandakako estrategia tituluen mekanikak bereganatzen ditu: talde txikiak osatuta, inguruneak eskaintzen dizkigun abantailez baliatu beharko gara.
Necron eta Omnissiah fakzioen artean hautatuko dugu —bakoitzak berezko kanpaina jasoko du, gainera—: gure soldaduetako bakoitzak pertsonalizatzeko aukera egongo da, eta basea hobetzeak zein erabakiak hartzeak berebiziko garrantzia edukiko du.
Oraindik argitaratze datarik gabe, PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan kaleratuko dute Warhammer 40.000: Mechanicus II.
2021. urte bukaeran iragarri zuten Warhammer 40.000: Space Marine 2, eta ordutik hona Saber Interactive sortzen dabilen lanaren hainbat trailer zein irudi jaso ditugu. Multijokalaria, baina, ezkutuan zeukaten, eta hainbat modalitate interesgarri ezagutzera eman dituzte.
Kooperatiboa da ziurrenik interesgarriena: hiru lagun Tyranid izaki beldurgarrien aurka jarriko ditu Operations Mode deitutako joko motan, misio desberdinak ezarrita. Horrez gain, hiru PvP modalitate egongo dira, sei jokalariz osatutako bi talde elkarren aurka jarrita: Annihilation, Seize Ground eta Capture & Control aipatzen dituzte egileek.
Irailaren 9an merkaturatuko da Warhammer 40.000: Space Marine 2 PS5 eta Xbox Series kontsoletan zein ordenagailuetan.
Iragarpen gehiago
Warhammerrekoek titulu gehiago ekarri dituzte Skulls egitasmora. Warhammer 40.000: Rogue Trader, Warhammer 40.000: Speed Freeks eta Warhammer 40,000: Boltgun - Forges of Corruption tituluen berritasunak eskaini dizkigute egileek.
Rogue Trader iaz estreinatutako RPG abentura dugu. Owlcat taldearen —Pathfinder jokoen— eskutik, erabakiak ardatz dituen istorio sakoneko lana da, eta guztia Void Shadows eduki gehigarriarekin hedatuko dute: abuztuaren 8an jasoko dugu.
Speed Freeksek, bestalde, Orks eroek sortutako ibilgailuen gainean jarriko gaitu. Leherketak, jauziak eta zorakeriak izango dira nagusi, baina lasterketetan parte hartzen ere ibiliko gara. Beta proba dezakegu dagoeneko, eta joko osoa udan kaleratzeko asmoa daukate.
Bukatzeko, Boltgun Quake estiloko retro tiro jokoak Forges of Corruption izeneko DLCa jasoko du. Arma, arerio, gune eta ezaugarri berriak agintzen dituzte egileek: ekainaren 18an argitaratuko dute eduki gehigarria.
Iruzkinak