Warhammer 40.000: Dark Heresy ere aurkeztu dute, besteak besteak, Skulls Showcase aurkezpenean.
Warhammer 40k frankiziaren festa antolatu du Games Workshop taldeak. Skulls Showcase bideojokoen aurkezpenean Warhammer 40.000: Space Marine – Master Crafted Edition edo Dawn of War – Definitive Edition birmasterizazioak ezagutu ditugu.
Titus heroiaren lehen abentura txukuntzearen ardura SneakyBox estudioak edukiko du, Relic Entertainment garatzaile originalaren babesarekin batera. Hirugarren pertsonako akziozko joko maitatua 4K bereizmenean, modeloen nahiz testuren hobekuntzekin, kontrol eskema zein interfaze eraberrituarekin eta bestelako hobekuntzekin estreinatuko da.
Warhammer 40.000: Space Marine – Master Crafted Edition Xbox kontsoletan eta PCan argitaratuko da ekainaren 10ean.
Bide batez, Warhammer 40.000: Space Marine II jarraipenarentzako modalitate berria ikusiko dugu ekainaren 26an: setio (siege) joko motan arerioen samaldei aurre egin beharko diegu gure taldearekin, bizirautea geroz eta zailagoa den heinean.
Dawn of War estrategia joko klasikoari dagokionez, behin betiko edizioa antzeko hobekuntzekin iritsiko da; hau da, 4K bereizmena, hobetutako testurak, argiztapena zein itzalak edo kamera ikusiko ditugu 2004ko jokoarentzat. Ez hori bakarrik: orain arte sortutako zaleen mod-entzako euskarria agintzen dute Relicekoek.
Ordenagailuetan estreinatuko da aurten —data zehatza ezagutzea geratzen zaigu— Warhammer 40.000: Dawn of War – Definitive Edition.
Owlcat-en cRPG berria eta gehiago
Bideojoko guztiz berrientzako tokia ere egon da Skulls aurkezpenean. Handiena, zalantzarik gabe, Owlcat estudioaren Warhammer 40.000: Dark Heresy dugu.
Espero ditzakegun elementu guztiak bilduko ditu: ikuspegi isometrikoa, txandakako borrokak, hizketaldi luzeak eta gehiago agintzen ditu. Talde berberak antzeko obra argitaratu zuen 2023an: Warhammer 40.000: Rogue Trader bikainak sekulako balorazioak eskuratu zituen cRPG zaleen artean.
Warhammer 40.000: Boltgun II izan da ekitaldiko beste protagonistetako bat. Lehen pertsonako tiro joko apartaren jarraipenak bide berbera jarraituko du: Doom klasikoen mekanikak hartu eta 40Kren unibertsoan girotuko da armategi zabala, tiroak eta odol mordoa eskaintzeko.
PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan ikusiko dugu Boltgun II datorren urtean.
Joko berriekin jarraituz, iaz iragarritako Warhammer 40.000: Mechanicus 2 berriz erakutsi zuten. XCOM estiloko estrategia taktikoa ardatz duen obra arrakastatsuaren jarraipena aurten estreinatuko da PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan.
Warhammer blog ofizialean aurki ditzakezue ekimenean egindako iragarpen guztiak.
Opariekin
Warhammer zaleentzako debaldeko bideojokoak jaso ditugu, gainera. Alde batetik, Warhammer 40.000: Boltgun – Words of Vengeance doan eskura dezakegu PCan. Boltgun originala oinarri hartuta The Typing of the Dead bezalako jokoen mekanikak hartzen ditu; alegia, agertzen zaizkigun hitzak idatzi beharko ditugu teklatuarekin gure arerioak akabatzeko.
Beste aldetik, Warhammer 40.000: Gladius ere oparitzen dabiltza ordenagailuetarako. Kasu honetan 4X erako estrategia jokoaren aurrean gaude.
Iruzkinak