Auroch Digital arduratuko da roguelike titulua eratzeaz: 2026an estreinatuko da PCan.

Vampire Survivors arrakastatsuaren klon ugari ikusi ditugu azken urteotan, baina gutxi iritsi dira originalaren parera. Ideia originala hartua, poncle sortzailea proiektu berri batean murgildu da, ordea: Warhammer Survivors prestatzen ari da.

Warhammerren 40K zein Age of Sigmar unibertsoetan girotutako survivors jokoa, alegia. Espazioko marineak, stormcast zaldunak zein bestelako pertsonaiak gidatuko ditugu, VSren formula errespetatzen den jokagarritasunarekin, ehundaka arerio akabatzeko helburuarekin.

Gerra amaiezina agintzen dute egileek, roguelike elementuekin partida bakoitza aldakorra izango baita. Armak eta objektuak bilduz, zein hauek hobetuz nahiz eboluzionatuz, ikaragarrizko sarraskiak eragingo ditugu Skaven edo Tiranidoen indarren artean.

poncle garapenaren parte bada ere —VSren oinarri teknikoak berrerabiltzen ditu jokoak—, Auroch Digital arduratuko da Warhammer Survivors garatzeaz. Originalak bezala, misio eta sekretu ugari eskainiko ditu joko mota desberdinetan zehar.

Oraindik ez daukagu argitaratze datarik, baina, dena ondo badoa, 2026an estreinatuko da PCan.

 

Karta artean, baita

Warhammerrekin laguntzen ari bada ere, ponclek, VSren unibertsotik atera gabe, bideojoko guztiz berria dauka esku artean: Vampire Crawlers: The Turbo Wildcard from Vampire Survivors abentura prestatzen ari da.

Deckbuilder azpigenerora jauzi eginda, VSrekin asmatutako mekanikak eta ideiak hartzea da ponclen asmoa. Konbo amaiezinak, sekretu ugari eta esploratzeko ziegak ikusiko ditugu obra berrian.

2026 erdialdean ordenagailuetan, PlayStation, Nintendo zein Xbox kontsoletan eta Android nahiz iOS mugikorretan estreinatuko da.