Expansion Pack mailan soilik gozatu ahalko da Game Boy Advance eramangarriko klasikoaz.

Nintendo-k Game Boy Advanceko klasiko berria iragarri du Nintendo Switch Online zerbitzurako: Wario Land 4 otsailaren 14an iritsiko da harpidetzara.

2001ean 32 bits-eko eramangarrian estreinatutako plataforma eta puzzle joko maitatua da Wariorena. Aurreko Wario Land ataletatik urrundu, eta erroetara itzuli zen metroidvania elementuak eta sekretu erraldoiak alboratuz.

Lurrazpiko piramide misteriotsua esploratzeari ekin beharko diogu mundu desberdinetan barneratuz. Altxorren bila gabiltzala erronka desberdinak aurkituko ditugu, eta, nola ez, Warioren transformazio botereak erabili beharko dira aurrera egiteko.

Txanponak eta bestelako pieza garrantzitsuak aurkituta, hurrengo mailarako giltza nahiz kanpoaldera iristeko beharrezko portalea aurkitu beharko ditugu… baina ihes egitea ez da horren erraza izango, maila suntsitu egingo baita. Ihesaldi zirraragarrietan ziztu bizian ariko gara irteeraren bila.

Guztia, atal estetiko ikaragarriarekin: nahiz eta GBAko lehen jokoetakoa izan, Wariorena ederrenetakoa dela esan beharra dago. Plataformazaleen artean gozatzekoa den azpigeneroa asmatu zuten Nintendokoek WL4rekin; hots, azkenaldian antzeko egitura jarraitzen duten Pizza Tower zein Antonblast indie bikainak jaso ditugu.

Nintendoren kontsola birtualerako gehikuntza berria Expansion Pack mailaren harpidedunek solik jokatu ahalko dute: GBAko zein Nintendo 64ko jokoak harpidetza garestiagoren atzean aurkitzen dira. Urtarrilean Ridge Racer 64 lasterketa jokoa gehitu zuten, esaterako; besteak beste, WarioWare Inc., Fire Emblem: The Blazing Blade, Golden Sun, Metroid Fusion edo The Legend of Zelda: Minish Cap joka daitezke, GBAra mugatzen bagara.

Wario Land 4 otsailaren 14an gehituko da NSOren katalogora.