Bideojokoen Bilboko jaialdia formatu digitalean ospatuko da abenduaren 10etik 12ra bitartean.
Duela aste batzuk formatu digitalean egingo dela iragarri ondoren, Fun & Serious ekimen bilbotarrak hizlari eta parte hartzaileak baieztatzen jarraitzen du. Oraingoan bideojokoen industriako bi maisu F&Sra itzuliko diren berria eman dute: Warren Spectorren eta Harvey Smithen hitzaldiak ikusi eta entzun ahalko dira jardueraren baitan.
Warren Spector Deus Ex, System Shock eta Thief bezalako obra ezagunen atzean dagoen sortzailea da. Immersive Sim generoari hasiera eman zion aipatutako jokoekin, eta bideojokoen munduan 30 urtetako ibilbidea luzean aritu da lanean.
International Game Developers Association erakundeko zuzendaritza batzordeko kidea izateaz gain, Spectorrek Game Developers Choice Award saria jaso zuen 2012an bere ibilbide esanguratsua aldarrikatzeko.
Harvey Smithen bideojokoen munduko hastapenak Spectorrekin bat egin zuten: 2000. urtean argitaratutako Deus Exeko diseinatzaile nagusia izan zen. Aurretik System Shock eta Ultima sagetan ere lan egindakoa zen Smith.
Gaur egun Arkane Studios ezagunaren sormen-zuzendaria da: Dishonored eta Prey bikainetako garatzailea izan da Smith.
Bi garatzaileak orain lau urte izan ziren Bilbon: 2016ko Fun & Seriousean parte hartu zuten. Aipatutako bi hizlariekin batera Marc Merril Riot Gameseko sortzaileak eta Tim Willits Doom eta Quake jokoen garatzaileak parte hartuko dute aurtengo Fun & Seriousean.
Saretik mundu osora
Egungo osasun egoera dela-eta hamargarren F&S formatu digitalean egingo da, baina horrek ekimena mundu osoari zabaltzeko balioko du.
Hitzaldiak zein jaialdiaren barruan egingo diren beste ekintzak erabiltzaile, hedabide zein garatzaileentzako irekiak izango direla aldarrikatu dute arduradunek.
Fun & Serious abenduaren 10tik 12ra bitartean egingo da.
Iruzkinak