Doako mundu irekiko misio kooperatiboak dakartza. PCrako beranduago iritsiko da joko mota hau.
Watch Dogs: Legionek eskaintzeko dituen aukerak zabaltzen jarraitzen du Ubisoftek. Azken gehikuntza doako online multijokalaria da: lau lagunek Londres esploratzea ahalbidetzen du joko mota berriak.
Mundu ireki zabalean aritzeaz gain bi, hiru edo lau lagunentzako misio kooperatiboetan parte hartu dezakete jokalariek. Bakoitzaren pertsonaiak ezaugarri bereziak edukiko ditu, jatorrizko jokoan gertatu modura: batzuk isilpean ibiltzeko aproposak izango diren bitartean, tiroketetarako bikainak izango direnak ere daude.
Spiderbot Arena joko motan elkarren aurka arituko dira erabiltzaileak deathmatch partidetan, bakoitzak aramu robotiko bat kontrolatuz. Londresen ere hainbat jardueretan parte hartzeko aukera egongo da, horietako batzuk ausazkoak izanik.
Gehigarri hau doakoa da, baina une honetan kontsoletako bertsioetarako argitaratu da soilik. Jokoaren arduradunek sare sozialetan zabaldutako oharrean irakurri daitekeenez, GPU batzuekin arazoak ematen ditu jokoak, eta horiek konpontzeko lanetan ari dira une honetan. Hori egiterakoan kaleratuko dute multijokalaria PCrako.
Iruzkinak