Lagunekin jokatzeko bideo-joko zoroa izango da. PlayStation Games Camp ekimenaren baitan garatutako lana da.
2017ko Global Game Jamean jaiotzen hasitako Waves Out proiektuak argitaratze data dauka azkenean. Crevice Gameseko bilbotarrek jakitera eman dutenez PlayStation 4rako abentura urtarrilaren 20an kaleratuko dute.
Aipatutako ekimen horretan hasi zuten lana 2018an PlayStation Games Camp ekimenak hautatutako jokoen zerrendara pasa zen. Ordutik hona jokoa PlayStationen babespean garatzen aritu izan dira, eta pasa den urte bukaerarako garapena bukatuta izatea lortu zuten. Orain argitalpenerako azken pausoak ematen ari direla adierazi dute, hilabete amaieran Waves Out kontsolan argitaratzeko asmoarekin.
Ahalmen magnetikoak dituen protagonistaren kontrola hartuko dute jokalariek Creviceren obran. Bere helburua ahalik eta puxtarri metaliko kopuru handiena batu eta kokaleku batera eramatea izango da. Gorka Martin Crevice Gameseko garatzaileak “billar eta pinball arteko nahasketa” bezala definitzen du bere lana.
Erronka aurkariaren aldetik etorriko da: bi jokalarik parte hartuko dute Waves Outen partidetan, eta puxtarri gehien batzen dituena izango da garailea. Gatza eta piperra jartzeko botere bereziak erabiltzeko aukera egongo da, guzti hau kokaleku dinamikoetan zehar aritzen den bitartean. Kaosa nagusi izango da beraz, txiki zein nagusiei zuzendutako joko dibertigarria eratuta.
Iruzkinak