Crevice Games bilbotarraren lana urtarrilean estreinatu zen PS4an. Euskaraz gozatu daiteke bi jokalarirentzako abentura.

Maiatzeko PlayStation Plus zerbitzuko doako jokoak eskuragarri daude jada. Horien artean titulu handiak eta ezagunak egoteaz gain, Euskal Herrian sortutako obra bildu dute hilabete honetan. Crevice Gamesek garatutako Waves Out dibertigarria PS4ko liburutegira gehitu dezakete zerbitzuaren harpidedunek.

Ahalmen magnetikoak dira Waves Outen ardatza. Jokalariek hauek erabilita ahalik eta puxtarri metaliko kopuru handiena batu beharko dute; gehien biltzen dituenak irabaziko du partida. Premisa sinple hau botere bereziekin eraldatzen du jokoak, puxtarriak biltzeko jokalariek era guztietako ahalmenak erabiliko baitituzte.

Ez hori bakarrik, kokalekuak askotariko oztopoak aurkezten dituzte, partida dibertigarri zein azkarrak eratuta. Jokalari bakarra zein bi adiskide aritu ahal dira elkarren aurka Waves Outen.

Billarraren eta pinballaren arteko nahasketa hau pasa den urtarrilean kaleratu zuten bilbotarrek PlayStationen kontsolarako. Izan ere, bideo-jokoa PlayStation Games Camp egitasmoaren baitan garatu zuten Bilboko egoitzan.

Ekimen honetan parte hartu duten hainbat euskal estudiok egin modura, bideo-jokoa guztiz euskaratuta argitaratu zuten Crevicekoek; jokoaren menuan hizkuntzen artean aukeratu daiteke euskara.

PS Pluseko harpidedunek ekainera arte izango dute denbora Waves Out jokoen liburutegira gehitzeko. Euskal jokoarekin batera Battlefield V, Wreckfest eta Stranded Deep eskaini dituzte PlayStationekoek hilabete honetan.