Titulu independente desberdinei ikusgaitasuna ematera bideratutako ekimena da. PuffPals, SCHiM, Ooblets eta askoz gehiagori buruzko berritasunak emango dituzte.
Tiroak, kolpeak eta biolentzia dira hainbat bideojokoren ardatza. Hala eta guztiz ere, kutsu nahiz giro guztiz desberdinak dituzten lanak ere badaude mundu honetan: obra lasaiak, alaiak eta atseginak jokatzeko aukera izaten dugu, askotan, garatzaile independenteen eskutik. Horien proiektuak ezagutzera emateko bide aproposa da Wholesome Games taldeak antolatzen duen Wholesome Direct aurkezpena: aurten ekainaren 11n itzuliko dela baieztatu dute.
18:30ean hasiko dute zuzenekoa, E3ko aurkezpen handien itxura eta formatua bereganatuta —aurten azoka ospatuko ez den arren, dagoeneko hainbat ordezkapen ditugu—. “Bideojoko berrien iragarpenak, irudi esklusiboak eta aurkezpenean bertan kaleratuko diren tituluak” agintzen dituzte arduradunek; guztira 100 bat bideojoko azalduko dira egitasmoan.
Erakutsiko dituzten proiektuen aurrerapen txikia egin dute, gainera: PuffPals: Island Skies simulazio jokoa, Snufkin: Melody of Moominvalley musika abentura, itzalak protagonista izango diren SCHiM bitxia, orain egun batzuetako Nintendo Indie World-ean ikusitako Ooblets ederra eta gehiago izango dira Wholesome Directean ikusiko ditugunak.
Wholesome Directa ekainaren 11n 18:30ean hasiko da.
Iruzkinak