Ordutik aurrera ezingo da bideo-joko digitalik erosi N Handiaren aurreko kontsoletan. Aurretik erositakoa, baina, jaisteko eta jokatzeko aukera egongo da.
Nintendokoen kontsolen belaunaldi bateko saltoki birtualen egunak zenbatuta daude: Wii Uko etxeko kontsolako eta Nintendo 3DS eramangarriko eShop guneak itxiko dituztela baieztatu dute japoniarrek. Oraindik urtebete baino gehiago falta da horretarako: 2023ko martxoan utziko diote funtzionatzeari.
Hortik aurrera, beraz, ezingo da bideo-jokorik erosi saltokiotan; gauza bera gertatutako da doako edukiekin: demoak eta bestelako tituluak ezabatuko dituzte Nintendokoek.
Ohiko ekintza da kontsola zaharretako zerbitzuen mantenua bertan behera uztea; hala ere, hainbat bideo-joko digitalki soilik eskura daitezkeela nabarmendu beharra dago. Horien artean dago Wii Urako kaleratutako Dr. Luigi, besteak beste. Ez hori bakarrik, hainbat zerbitzuren ezaugarriak funtzionatzeari utziko diote baita: opari txartelek, esate baterako.
Hori bai, saltokiak itxi aurretik erositako bideo-jokoak, eduki gehigarriak eta bestelako produktuak jaisteko eta jokatzeko aukera izaten jarraituko dute erabiltzaileek behin eShop horiek alboratuta geratzen direnean. Eguneraketak instalatzeko aukerak hor jarraituko du; berdin online partidetarako zerbitzuekin. Hortaz, erosleek ez dute beldurrik pasa behar beren joko digitalengatik.
Wii Uarekin eta 3DSarekin igarotako urteak gogorarazteko webgune berezia abiarazi dute Nintendokoek. Erabiltzaileek kontsola horietan gehien jokatutako tituluak ikus ditzakete bertan, askotariko estatistikekin eta datuekin batera.
Iruzkinak