Monster Hunter-en estiloko abentura kooperatiboa otsailaren 17an kaleratuko dute PlayStation eta Xbox kontsoletan nahiz PC-an.
Electronic Arts eta Koei Tecmo elkarlanean garatzen dabiltzan Wild Hearts itxurosoak jokagarritasun trailer berria jaso du. Etsai nagusien aurkako borroketan murgiltzen dira bertan: Golden Tempest izeneko aragane izakiaren kontrako dueluarekin bideojokoaren mekanikak eta ezaugarriak aurkezteko aprobetxatu dute arduradunek.
Titulua ezagutzen ez dutenek azkar jabetuko dira Wild Heartsen inspirazio iturriez: Capcom Monster Hunter ezagunaren klona dugu. Hala eta guztiz ere, ez da Koei Tecmok —zehazki, bere Omega Force estudioak— halako estiloko bideojokoa garatzen duten lehen aldia: Toukiden frankiziarekin badute esperientzia nahikoa. Are gehiago, Wild Hearts honen marka berria da.
Girotze asiarra izango da nagusi obran. Protagonistetatik hasita, piztiek zein kokalekuek izango dute kutsu hori: aipatatuko Golden Tempest tigre erraldoia izango da, adibidez. Kemono piztien maila dauka izakiak; hau da, buruzagirik garrantzitsuenen artean dago.
Garaipena lortzeko lankidetza ezinbestekoa da: bideoan ikus daitekeenez, hainbat jokalariz osatutako taldeak elkarri lagundu behar dio erasotzerakoan nahiz sendatzerakoan.
Mugimendu ikusgarriekin batera Karakuri deitutako abileziaz baliatuko dira munstroak akatzeko. Oztopoak zein armak ziztu bizian eraikitzeko balioko du: bideoan, besteak beste, mailu erraldoi bat erabiltzen dute jokalariek.
Hartutako armek ere antzeran funtzionatuko dute. Bideoan kanoia, ezpata erraldoia eta makila azaltzen dira: hauen mugimendu sortaren baitan tamainaz aldatzeko abileziak ikus daitezke. Epe mugatuan hegaka ibiltzeko tresna ere edukiko dute pertsonaiek. Erreminta sorta zabal honi esker argi dago borrokak ikaragarriak izango direla; jokalari bakoitzak bere rola beteko du, gainera.
Egia esan, aurkezpen orokorretik mekaniketara Monster Hunterren klon fidelaren aurrean gaude. Hala eta guztiz ere, elementu berriokin Koei Tecmorenak esperientzia freskoa eskaini dezakeela hautematen da.
Laster jakingo dugu; izan ere, bideojokoa otsailaren 17an merkaturatuko dute. Egia esan, orain arte ez diote iragarpen handirik eskaini, baina suposatzekoa da azken hilabete honetan hori aldatzea. Egungo belaunaldiko esklusiboa izango da Wild Hearts: PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan estreinatuko da.
Iruzkinak