Sistema eragilearen hurrengo bertsioa aurkeztu dute Redmond-ekoek. Auto HDR, Direct Storage eta DX12 Ultimate ezaugarriak eskainiko ditu.
Windows 10 Microsoften sistema eragile ezagunaren azken bertsioa zela zioten, baina argi zegoen ez zela horrela izango. Windows 11 ofizialki aurkeztu dute Redmond-ekoek, eta ekarriko dituen berritasunen artean Xbox-eko blogetik bideo-jokoetarako esanguratsuak izango direnak nabarmendu dituzte.
Horien artean Xbox Series X eta S belaunaldi berriko kontsolek erabiltzen dituzten hainbat ezaugarri aurkitzen dira. Auto HDR funtzioa da horietako bat: SDR (tarte dinamiko estandarra) bidez funtzionatzen duten jokoek HDR-a (tarte dinamiko altua) automatikoki erabiltzea ahalbidetuko du horrek. Hau da, koloreen eskala biziagoa edukiko dute jokoek HDR-arentzako euskarria duten monitoreetan, beste hainbat hobekuntzen artean.
Azken Xbox kontsolen Direct Storage funtzioa ere aipatzen dute blogean. Windows 11-n ezaugarri hau erabiltzen duten bideo-jokoetan erabiltzaileek “karga denbora murriztuak” nabarituko dituzte abiadura handiko SSD NVMe diskoak erabiliz gero.
Bukatzeko, DirectX API-aren hurrengo bertsioaren inguruan mintzatu dira Xboxekoek. DirectX 12 Ultimate-az baliatuta bideo-jokoen garatzaileek Raytracing 1.1, shading aldakorra eta beste hainbat ezaugarri modu erraz batean inplementatzeko aukera edukiko dute, garapen prozesua bizkortuta.
Microsoft Store saltoki digitala goitik behera eraberritzeko asmoa agertu dute gainera. Azken urteetan bideo-jokoak erosi, jaitsi eta instalatzerako orduan era guztietako arazoengatik kexaka ibili dira jokalariak, beraz horiek konpontzeko saltoki guztiz berria sortuko dute. UWP aplikazioak alboratu egingo dituzte baita: Windows 10ean sistema hau erabiltzen zituzten jokoek, baina 11. bertsioan edozein motatako aplikazioak argitaratu ahalko dira saltoki digitalean.
Xbox Game Pass zerbitzuarekin apustu gogorra egin dute Microsoftekoek, eta hori zabaldu nahian jarraitzen dute. Hori horrela, bai Xboxen aplikazioa zein Game Passa berez instalatuta egongo dira Windows 11n.
Hodei bidezko jokoarekin ere gauza bera gertatuko da: bideo-jokoak streaming bidez jokatzea ahalbidetuko duen Xbox Cloud Gaming ezaugarria ezer berezirik instalatu gabe erabili daiteke hurrengo Windowsen.
Windows 11ren behin betiko bertsioa urte bukaeran argitaratzea aurreikusten dute Microsoftekoek. Windows 10 erosita dutenek doan eguneratu ahalko dute beraien sistema eragilea. Beta bertsiorako data eman dute gainera: Insiders programan izena eman dutenek gaurtik aurrera instalatu dezakete W11ren beta.
Iruzkinak