Txinara eramango gaitu akziozko abentura honek. Gamescom azokan jokagarritasun bideo berria aurkeztu du Koei Tecmo-k.
Wo Long: Fallen Dynasty izan zen ekainean ikusitako Xbox & Bethesda Games Showcase aurkezpeneko ezusteetako bat. Koei Tecmokoen etorkizunera begirako joko handiena izanik, hau berriz erakusteko aprobetxatu dute egunotan Kolonian burututako Gamescom azoka.
Borrokak eta akzioa barra-barra ikusiko ditugu Nioh edo Ninja Gaiden bikainez arduratu ziren Team Ninja-ren titulu berrian. Argi dago Wo Longek hauengandik asko hartzen duela, eta, jakina, FromSoftware-koen Sekiro: Shadows Die Twice maisulana ere gogora ekarriko du, bai girotzeagatik, bai mekanikengatik.
Oraingoan, baina, Txinara bidaiatuko dugu Wo Longekin; zehazki, Hiru Erresumen erromantzeko testuinguruan kokatuko gara. Fantasia kutsua gehituta, jakina: txinatar mitologian eta folklorean oinarritutako munstroak, deabruak eta espirituak izango dira garaitu beharreko etsaietako batzuk.
Team Ninjakoek jokagarritasun mekanikei buruz hitz egiteko ere baliatu dira Europako azokarik handienaz. Nioh-n erabiltzen zuten sasoi barra alboratuko dutela diote: horrela, dueluak bizkorragoak eta zirraragarriak izango dira. Hamar arma baino gehiagoren artean hautatuko dugu, gainera.
Adore sistema ere aipatu dute: honek jokoaren zailtasuna definituko du. Etsaiek guk baino adore gehiago badute, hauek akatzea gogorragoa izango da; askotan hiltzen bagara jaitsiko dira adore puntu horiek, kontuz ibili beharko gara beraz.
Wo Long: Fallen Dynastyk ez dauka argitaratze datarik. Baieztatuta dituztenak plataformak dira: PC-an zein PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One kontsoletan kaleratuko da. Xbox Game Pass-era ere iritsiko dela baieztatu dute Microsoft-ekoek.
Iruzkinak