Bergarako ZTB jardunaldien baitan Maijoku eta Game Erauntsia elkarteek antolatutako txapelketaren finala azaroaren 5ean lehiatuko da.

Bergarako Udalak ZTB jardunaldien baitan Maijoku Elkartearekin eta Game Erauntsia Elkartearekin batera League of Legends txapelketa abian jarri du. Taldeka eta Liga formatuan izango da, eta Euskal Herriko bideojokalari guztiek parte har dezakete.

Izen ematea irekita dago jada, eta urriaren 7an itxiko da. Bosteko taldeek joka dezakete; ordezko jokalaria eduki ahal dute, gainera. Ez hori bakarrik: talderik ez duten jokalariek izena emateko aukera dute, hutsuneak betetzeko edo talde berria osatzeko.

Informazio guztia txapelketaren fitxan aurki daiteke.

 

Online liga eta aurrez-aurreko finala

Kanporaketak etxetik jokatuko dira, sare bidez eta partida bakarrera, urriaren 17tik urriaren 30era bitartean. Fase finala aurrez-aurrekoa izango da, eta azaroaren 5ean Bergarako Zabalotegi aretoan lehiatuko da. Egun horretan finalerdiak eta finala jokatuko dira, hiru partidetako onenak txapeldun izendatzeko.

Aretoa 10:30ean irekiko da eta finalerdiak 11:00etan hasiko dira. Finala 17:30ean jokatuko da eta Twitch bitartez zabalduko da Game Erauntsiaren kanalean. Finala baino lehen Bergara bloketan, Minecraft eraikuntza proiektuaren baitan eraikitako lanak erakutsiko dira.

Fase finala publikoari irekita egongo da, beraz, bideojokozale guztiak zuzenean partidak ikustera gonbidatuta daude.

 

Bergarako ZTB jardunaldiak

Bergarako Udalak teknologiari buruzko ZTB jardunaldiak antolatzen ditu urtero. Aurten, Udalak, Laboratorium eta Bergara izan, bizi, ekin egitasmoarekin batera, Maijoku elkartearekin bat egin du bideojokoak herrira hurbiltzeko. Horretarako, Game Erauntsia Elkartearen kolaborazioa bilatu dute hiru egitasmo antolatzeko.

Lehenik, League of Legends txapelketa lehiatuko da: esan bezala, azaroaren 5ean izango da final handia.

Bigarrenik, Minecraft-en Bergara eraikitzeko egitasmoa abiatuko da. Horretarako prestatutako Minecraft zerbitzaria martxan izango da urriak 3 eta 30 bitartean. Zerbitzarian egindako lanak LoL txapelketaren finala baino lehen erakutsiko dira. Gainera, eraikitzaile guztien artean bideojokoetarako 50 euroko diru txartela zozkatuko da.

Bukatzeko, azaroaren 8an goizeko 10:00etan Utopia? Euskaraz bideojoketan aritzea ez behintzat! hitzaldia bideratuko du Game Erauntsiak Bergarako seminarioan. Gazteei zuzendutako hitzaldi honetan euskaraz bideojokoetan aritzea posible dela erakutsiko dugu. Euskarazko aisialdiari buruzko gogoeta egingo, euskaraz joka daitezkeen bideojokoak aurkeztuko, eta, gure burua, euskal bideojokozaleen komunitatea, Game Erauntsia ezagutzera emango dugu.