Paweł Koźmiński sortzaileak bost urte baino gehiago daramatza elementu prozeduralekin eratutako beldurrezko JRPGa sortzen.
World of Horror ofizialki estreinatu da azkenik. Azken urteak sarbide goiztiarrean eman ondoren, Panstasz garatzaileak bere lehen bideojokoa kaleratu du PCan. Hori ospatzeko argitalpen trailer berezia prestatu du.
Beldurra, puzzleak, hizketaldiak eta txandakako borrokak proposatzen ditu Paweł Koźmińskik bakarka garatutako abenturak. Estetikarako zein girotzerako beldurrezko lanen mangaka ezagun bat hartu du inspirazio iturritzat: Uzumaki edo Tomie bezalako komikien istorioak sortu dituen Junji Ito japoniarra. Aldi berean, H.P. Lovecraft idazleak eratutako mitologia kontuan hartu du.
Horrela, 90eko hamarkadako Japoniara bidaiatuko dugu World of Horrorren. Shiokawa hirian kokatuko da istorioa: antzinako jainkoak berpizten ari dira, eta era guztietako jazoerak nahiz munstroak gertatuko dira gure protagonistaren jaioterrian. Protagonistena, hobeto esanda: hamalau pertsonaien artean aukeratu beharko dugu abentura hasterakoan. Bakoitzak beren testuingurua edukiko du, baina hala ere partida guztiak desberdinak izango dira elkarren artean.
Gertakizunok ikertzea, eta, are gehiago, bizirik jarraitzea izango da helburu nagusia. Institutuak, ospitaleak, basoak eta bestelako leku ezagunak baina misteriotsuak esploratuko ditugu horretarako. Errito ilunak abiatzen, aztarna odoltsuak aurkitzen eta munstro ikaragarrien aurka borrokatzen ariko gara.
World of Horrorren berezitasunik esanguratsuena prozeduralki sortutako elementuetan dago, ordea. Esan bezala, bizitzako abentura guztiak desberdinak izango dira; alegia, gainditu beharreko jainkoak eta apokalipsiak, ezagututako pertsonak nahiz munstroak eta bisitatutako tokiak aldatzen joango dira partida batetik bestera, beste hainbat ezaugarrirekin batera. Roguelite abenturaren aurrean gaude, hortaz.
Atal grafikoa ere aipatu beharra dago, noski: bit bakarreko pixel art estetikadun bideojokoa dela dio garatzaileak, eta ez dabil oso urrun. Izan ere, Panstaszek Paint programa ezaguna erabili du grafikoak sortzeko.
Bideojokoen munduan hasi aurretik dentista zen Panstaszen ogibidea. Hori dela-eta, hainbat oztopo aurkitu ditu bere lehen jokoa garatzerakoan. Jatorriz 2019an kaleratzeko asmoa zeukan, baina, argi dagoenez, azkenean ez zen horrela izan. Ordu hartatik sarbide goiztiarrean egon da bideojokoa, eguneratzeak noizbehinka jasoz.
Zorionez eta zoritxarrez, jokoa pixkanaka hazten joan da, eta azkenean PCko jokalariek dagoeneko behin betiko bertsioan joka dezakete. 1.0 bertsioak hiru misterio eta bi pertsonaia gehitu ditu, gainera. Early Access fasea atzean utzi duenez, prezioa areagotzea erabaki du Ysbryd Games argitaletxeak.
PlayStation 4 eta Switch kontsoletarako bertsioak bukatzen dihardu orain sortzaileak: urriaren 26an, datorren astean, argitaratuko ditu. Nintendo-ren kontsolak bertsio fisikoa jasoko du Fangamer-en eskutik.
Iruzkinak