Zazpi saiakeratan Euskal Herriko udalerriak asmatzea proposatzen du nabigatzaileko jokoak.
Azken asteetan nabigatzaileko jokoen berpizkundea ikusten gabiltza, bai nazioartean, bai gure inguruan. Wordle, Berbaxerka, Nerdle eta beste hainbat zabaldu dira mugikorretan zein ordenagailuetan; azken ideiak geografia du ardatz. Hori da WorLdle, garatzaile frantses batek sortutako jokoa. Talaios kooperatibak hau euskaratu eta moldatu du WorLdlEH izeneko webgunea sortzeko.
Jatorrizko Worldlen munduko estatuak asmatzea da helburua; WorldlEH-n, ordea, Euskal Herriko udalerriak asmatzeari ekin beharko zaio. Idea sinplea eta erakargarria da: jokoak herri baten silueta aurkezten digu eta honen izena igarri beharko dugu zazpi saiakeratan.
Erantzun okerra emanez gero, saiakera bakoitzaren ondoren asmatu behar den herriarekiko udalherri hori non dagoen adieraziko du jokoak: asmatu beharreko herriarekiko dagoen distantzia zehaztu, eta gezi baten bidez norabidea adieraziko ditu, helburua pixkat erraztuta. Udalerriaren siluetarik gabe jokatzea posible da baita, zailtasuna areagotuta. Mapa mantendu, baina hau biratzea ere posible da.
Ez da Talaiosekoak euskaratzen duten lehen lana: gauza bera egin zuten orain aste batzuk Wordle ezagunarekin. Bi hauek eta askoz gehiago aurkituko dituzu Game Erauntsiaren euskaratutako bideo-jokoen zerrendan.
Iruzkinak