Team17 garatzaileak urte bukaeran kaleratuko du PC, PS5 eta PS4rako Worms Rumble akziozko bideojokoa.
Txandakako akziozko bideojokoak izan dira beti Worms saga ezagunaren ardatza. Oraingoan baina, zizareekin jokatzeko modua guztiz berriztatuko duen lana aurkeztu du Team17 garatzaileak.
Worms Rumble battle royale formatuan jokatuko den akziozko jokoa izango da. Bertan PC, PS5 eta PS4ko 32 jokalari batuko dira; Team17ren lanak plataformen arteko jokoa eskainiko du.
Last Standing Worm deitutako joko motan bizirik geratzen den azken jokalariak irabaziko du. Halere, Deathmatch partidak bizitzeko aukera ere egongo dela azpimarratu dute arduradunek.
Sagan ohikoa den bezala kokalekuak suntsitu eta eraldatzeko aukera egongo da. Jokalariek armategi zabala izango dute eskura suntsipen hori gauzatu ahal izateko: betiko eskopetak eta bazukak ikusiko dira Rumblen, baina baita granada sakratua bezalako arma ezagunak ere.
Gure zizarea pertsonalizatzeko aukera egongo da. Aldi baterako erronkak eta ekimen bereziak edukiko ditu bideojokoak; argitaratu aurretik beta itxian parte hartzeko aukera egongo da.
Datarik zehaztu gabe, Worms Rumble 2020 bukaeran estreinatuko dela agindu du Team 17k.
Iruzkinak