Irailaren 15ean Japoniako zein Asiako jokalariei bereziki zuzendutako bideojokoak erakutsiko dituzte.
Xboxek 2022ko azoka handi guztietan parte hartzeko asmoa daukala dirudi. Ekainean Xbox & Bethesda Games Showcase aurkezpena egin ondoren, Koloniako Gamescom ekimenean ere aritu dira Redmond-ekoak. Orain, Tokiora ere bertaratuko direla adierazi dute: aurkezpen berezia eskainiko dute Tokyo Game Show erraldoian.
Xbox Wire webgunean horri buruzko xehetasun gutxi batzuk eskaini dituzte. Irailaren 15ean Euskal Herriko 11:00etan abiatuko dute ekitaldia. Zuzenekoa TGSkoen Youtubeko kanaletik jarraitu ahalko dela aurreratu dute.
Erakutsiko dituzten bideojokoen inguruan, ez dute izenik zehaztu. Hori bai, “aurreko urteetan egin modura, Japoniako eta Asiako bideojokozaleei zuzendutako ikuskizuna” izango da aurtengoa.
Japonian, japoniarrentzat
Momentuz iragarritako TGS 2022ko aurkezpenetatik, Xboxekoak dira atzerritar bakarrak. Beraiez gain, ohiko Capcom, Konami, Koei Tecmo, Square Enix, Sega eta Atlus, Bandai Namco, Level-5 zein HoYoVerse egongo dira azoka japoniarrean, besteak beste. Hemen doa ekimeneko aurkezpenen zerrenda, ordutegi japoniarrarekin:
Tokyo Game Showak irailaren 15ean irekiko ditu bere ateak. Formatu hibridoan egingo du, ekimenak online eskainita baina aldi berean zaleei zein kazetariei hurreratzeko aukera emanda. Irailaren 18an emango diote bukaera: aurretik, baina, aurkeztutakoen jarraipena egingo dugu Game Erauntsian.
Iruzkinak