Epaiketa guztietan erosketa onartu ondoren, Microsoft-ek ongietorria eman die Call of Duty, Diablo, Warcraft, Overwatch edo Candy Crush bezalako tituluen jabeari.

Onerako edo txarrerako, bukatu da azkenik: Xboxek Activision Blizzard King —horrela izendatu dute prentsa oharrean— bereganatu du. Ofizialki. Izan ere, erosketa 2022 hasieran iragarri zuten 68.000 mila milioi dolarren truke, baina nazioarteko zenbait erakundek fusioa eragotzi zuten, epaiketak eta salaketak abiarazita.

Azkenean, baina, Europako Batzordearen fusio arautzaileak, AEBetako Federal Trade Comission-ak zein Erresuma Batuko CMA erakundeak atzera egin eta erosketa onartu dute. Baiezkoa eman duen azkena CMA izan da, gaur bertan, eta erabakia iragarri bezain laster eman dute berria Xboxekoek: “Egun ona da jokatzeko”, diote.

“Gaur ofizialki eman diezaiokegu ongietorria Xboxera Activision Blizzardi eta bere taldeei”, adierazi du Phil Spencer Xboxeko buruak enpresaren blogean. “Bideojokoen historiako titulurik eta frankiziarik maitatuenen eta jokatuenen egileak dira kontsoletan, PCan, nahiz mugikorretan. Pitfall-etik Call of Dutyra, World of Warcraftetik Overwatchera, Candy Crush Saga-tik Farm Heroes Super Saga-ra, euren estudioek bideojokoen muga guztiak gainditu dituzte mundu osoko jokalarientzat”.

Ia bi urte izan ditugu Xboxen eta Activisionen asmoei buruz irakurtzeko zein hausnartzeko. Esklusibotasunei eta akordioei buruzko eztabaidak nagusi izan dira epaiketetan, monopolioa argudiatuz, eta Xboxek aurretik erositako estudio handiak guztiz bereganatu baditu ere, oraingoan eskuzabalagoak izan beharko direla dirudi.

Izan ere, Spencerrek gainerako plataformengan edukiko duten eragina aipatu gura izan du. “Xboxen, PCan, PlayStation-en, Nintendo-n zein mugikorretan jokatu, ongi etorria zara, nahiz eta Xbox ez den zure frankizia gogokoenean jokatzen duzun plataforma. Denok jokatzen dugunean, denok irabazten dugulako“.

Hortaz, oraingoz Call of Duty bezalako erraldoiak gainerako plataformetan ikusiko ditugula pentsa dezakegu. Hori adostu zuten, besteak beste, Nintendorekin eta Nvidia-rekin, baina PlayStationekin ere gauza bera gertatuko da ziurrenik.

Bideojokoen munduko erosketarik handiena amaitutzat eman daiteke, beraz. Esan bezala, Xboxek 68 mila milioi dolar ordaindu ditu Activision Blizzard erosteagatik.