Jokoak edozein kokalekutan instalatzea eta mod-ak erabiltzea ahalbidetu dute Microsoft-ekoek Windows-en.
Microsoftek aldaketa handiak agindu ditu Xboxeko aplikazioarentzat Windowsen. The Verge agerkariak iragarri duenez, Microsoft Store zein Xbox Game Pass aplikazioetatik jaitsitako bideo-jokoak mugarik gabe kudeatzeko aukera eskainiko die erabiltzaileei.
“Back 4 Blood, Age of Empires IV, Forza Horizon 5 eta Halo Infinite bezalako PCko joko handiak lehen egunetik Game Passean eskainita, jokalariei Xboxeko aplikazioarekin beren esperientzia pertsonalizatzeko aukera gehiago eman nahi diegu”, adierazi du Jason Beaumont Xboxeko esperientzien zuzendariak.
Modu horretara, PCko erabiltzaileak aspalditik aldatzeko eskatzen dabiltzan ezaugarriak gehituko dituzte aplikazioan. Eguneraketarekin jokoak edozein karpeta edo kokalekutan instalatzeko ezaugarria egongo da: enkripatutako WindowsApp karpetetan instalatzea derrigorrezkoa izan da orain arte, eta bertatik hainbat muga eta arazo sortzen izan dira erabiltzaileentzat.
Adibidez, sistema eragilea berriz instalatzerakoan jokoak kanpoko disko batera mugituz gero, Windowsek arazoak ematen izaten ditu hauek arakatzerakoan. Eguneraketarekin fitxategiak egiaztatzeko eta konpontzeko funtzioa gehituko dute.
Ez hori bakarrik, askatasun osoa ematerakoan modak instalatzeko mugak ere ezabatuko dituzte. Jokoen fitxategiak enkriptatuta egoterakoan hauek modifikatzea ezinezkoa da, eta hortaz ohikoena modak ezin instalatzea da. Jaitsiera abiadurak ere bizkortu dituztela aipatzen dute Microsoftekoek.
Xboxen aplikazioko bertsio berria probatzen ari dira dagoeneko Insiders programan dauden hainbat erabiltzaile. Interesa dutenek esteka honetatik sartu ahalko dira programan. Bitartean, Xboxeko arduradunek komunitatearekin harremanetan jarraituko dutela agindu dute.
Iruzkinak