Funtziorako hobekuntzak gaineratu dituzte eguneraketa batekin. Xbox kontsoletako jokoak zuzenean PCan jokatzeko aukera ere gehitu dute aplikaziora.

Xbox Cloud Gaming beta fasean sartu zen joan den ekainean PCan zein iOS gailuetan. Hori hobetzen joan dira Microsoft-eko garatzaileak, eta orain hodei bidezko jokoa Windows 10 sistema eragilean dagoen Xbox aplikazioan gehitu dute, streaming ezaugarria hobetuta.

Modu horretara Xbox Game Pass Ultimate harpidetza zerbitzuan dauden bideo-jokoak jaitsi eta instalatu gabe jokatzea ahalbidetzen dute Redmond-ekoek. Gehienbat beharrezko baldintzak betetzen ez dituzten PCak dituzten jokalari horiei zuzendutako funtzioa da. 1080p-ko bereizmenera eta 60 fps-ko abiadurara funtzionatzen du Xbox Cloud Gamingek, baina hori bai, Interneteko sare bizkorra eta egonkorra beharko da modu aproposean erabiltzeko.

Aplikazioan “Cloud Gaming” atalean klik egitea nahikoa da ezaugarri hau erabiltzen hasteko. Psychonauts 2, Hades, Doom Eternal, Star Wars Jedi: Fallen Order, Halo the Master Chief Collection eta askoz gehiagoren artean hautatu daiteke zerbitzuaren baitan; guztira 100 joko baino gehiago biltzen ditu funtzioak.

Agintearekin modu errazagoan erabiltzeko menuak, konexioaren egoera ezagutzeko ikonoak, Game Bar ezaugarriarentzako euskarria eta beste hainbat funtzio ere gaineratu dituzte Xbox aplikazioaren azken bertsio honetan. Gainera, Xboxeko aginteetara mugatu beharrean PlayStation, Razer eta bestelako mandoentzako euskarria du zerbitzuak.

Hodei bidezko jokoa ez ezik, Xbox kontsolak dituztenek horiek erabilita PCan jokatzeko modua jaso du aplikazioak. Remote Play ezaugarriak 1080p-ra eta 60fps-tara funtzionatuko du baita, eta joko berrietara jokatzeaz gain jatorrizko Xbox zein Xbox 360 kontsoletako bideo-jokoetara aritzea ahalbidetuko du; Microsoftekoen arabera jarraitzaileek asko eskatzen zuten ezaugarria da hau.

Xbox Remote Play aplikaziora iritsi den arren, Android zein iOS mugikorretan eta tabletetan erabili daiteke gainera. Funtzioaren ezaugarri guztiak ezagutzera emateko atala prestatu dute Xboxen webgunean.