Tango Gameworks-ekoen bideojokoa ustekabean iragarri eta argitaratu dute. Besteen argitaratze datak zehaztu dituzte.

Xboxekoen Developer_Direct aurkezpenek marka orlegiko garatzaileak biltzen dituzte etorkizun hurbilean estreinatuko diren jokoen berri emateko. Atzo egindako zuzenekoan, azkenaldian egin modura, Bethesdakoekin elkartu ziren are ekimen handiagoa egiteko: dagoeneko iragarritako Redfall, Forza Motorsport eta Minecraft Legends tituluei buruzko berritasunak eskaintzeaz gain, Hi-Fi Rush aurkezteko aprobetxatu zuten Microsoft-ekoek.

Erritmoz betetako hack & slash abentura dugu Hi-Fi Rush. Tango Gameworks talde japoniarraren lan berria atzo gauean iragarri zen lehen aldiz, eta dagoeneko joka daiteke: ekitaldiko ezustekorik handiena izan zen, zalantzarik gabe.

Shinji Mikami Tangoko arduradun nagusia eta John Johanas tituluaren zuzendaria —The Evil Within 2 zuzendu zuen baita— batu ziren obra ezagutzera emateko. Devil May Cry, Sunset Overdrive eta oraintsu estreinatutako Metal: Hellsinger elkartzen dituen jokoa dela esan daiteke; hau da, musikaren erritomra jarraitu beharreko borroka azkarrak cel shading estetika koloretsuarekin batzen ditu.

Xboxekoen jokoa izanik, Xbox Series kontsoletan eta ordenagailuetan merkaturatu da. Nola ez, Game Pass bidez ere eskura daiteke.

 

Redfall, maiatzean

Arkane Studios-ekoen Austingo taldea garatzen ari den Redfall tiro jokoa izan zen aurkezpeneko beste izarretako bat. Kutsu kooperatibodun tituluaren mekaniketan sakondu zuten berriz, banpiroak garaitzeko bide nagusia ezagutzera emateko: misio nagusiak nahiz bigarren mailako betebeharrak jasoko ditu gure taldeak.

Redfall herriko auzoetatik hasiko gara banpiroen aurka; hauek garaitzen joan ahala, baina, euren lurretara igaro beharko gara guztiz menperatu ahal izateko. Aspalditik dakigun modura, lau pertsonaia desberdin kontrolatu ahalko ditugu abenturan: suposatzekoa den modura, berezko abileziak, indarguneak zein ahulguneak edukiko dituzte.

Gameplay bideo berriarekin batera, Arkanekoek azkenik zehaztu dute argitaratze data: maiatzaren 2an estreinatuko da Xbox Seriesetan eta PCan.

 

Forza, geroratuta?

Turn10 sortzen ari den Forza Motorsport berrian sakontzeko aukera ere eduki genuen zuzenekoan. Atal grafiko ikaragarriarekin, garatzaileek esparru honetan murgildu nahi izan zuten: 4K bereizmena, segundoko 60 irudien tasa eta izpien trazadura baieztatu zituzten.

Horrez gain, 500 auto gidatuko ditugu Forza honetan. Zirkuitu kopurua nahiko xumeagoa da: 20 bat aipatu dituzte. Halere, zifrok jokoa kaleratzen dituztenerako izango dira.

Argitalpen dataren harira, oraindik zehaztu gabe jarraitzen du. Hori bai, aldaketa txiki bat egin dutela ikus daiteke: 2023ko udaberrirako prest egongo zela adierazi zuten joan den udan, baina orain “2023” hutsa azaltzen da bideo amaieran.

Hortaz, ziurrenik berandutu egin dutela suposa dezakegu. Forza ere Xbox Seriesetarako eta PCrako prestatzen ari dira.

 

Minecraft Legends = Brutal Legend

Udan iragarritako Minecraft Legendsek zalantza askorekin utzi gintuen. Atzo, azkenik, zertan datzan erakusteko aprobetxatu zuten Mojang-eko garatzaileek —dena den, Blackbird Interactive ari da bideojokoa prestatzen—.

Akziozko estrategia jokoa dugu Legends: gure pertsonaia sortu, eta honekin baseak eraikitzeari ekingo diogu. Hori eginda, baina, defendatu egin beharko dira; horretarako, gure armada propioa edukiko dugu.

Gure abatarrarekin arduratuko gara honi aginduak emateaz. Modu batean, Double Fine-k aspaldi kaleratutako Brutal Legend bereziaren mekanikak ekartzen ditu gogora; Pocketwatch Games indie taldearen Tooth and Tail ikaragarriaren zertzelada batzuk ere baditu, gainera.

Jokalari bakarrarentzako kanpainarekin nahiz multijokalariarekin, Minecraft Legends apirilaren 18an kaleratuko dute Mojangekoek. Ez da Xboxeko esklusiboa izango: PlayStation eta Switch kontsoletan estreinatuko da, baita Xboxean eta PCan ere.

 

Beste espantsio bat TES Onlinentzat

Aurkezpenarekin bukatzeko, Zenimax Online Studio-koek beren The Elder Scrolls Online ezagunaren hurrengo espantsioa aurkezteari ekin zioten.

Necrom izenarekin, ekainaren 5ean kaleratuko dute Windows-en eta Mac-en; ekainaren 20an, berriz, Xboxeko eta PlayStationeko bertsioak merkaturatuko dituzte.

Scribes of Fate izeneko eduki gehigarri xumeagoa ere aipatu dute: bi ziega ekarriko dituen DLC-a maiatzaren 13an kaleratuko da Windowsen eta Macen. Kontsoletako jokalariek maiatzaren 28ra itxaron beharko dute probatzeko.

Jokalariak erakartzeko eskaintza berezia abiatu dute, gainera:  The Elder Scrolls Onlinen erabiltzaile guztiek orain arteko espantsio guztietan doan jokatu ahalko dute epe mugatuan.