E3 azokako aurkezpenaren baliokidea izango da: Starfield, Hellblade II, Avowed eta askoz gehiago bilduko dituztela aurreikusten da.
Electronic Entertainment Expo azokari agur esan behar izan genion orain aste batzuk, baina horrek ez du esan nahi udan bideojokoen aurkezpen handirik gabe geratuko garenik. Microsoft-ekoek Xbox & Bethesda Games Showcase baieztatu dute: ekainaren 12an egingo den ekitaldi erraldoia izango da.
Xehetasun handirik eman gabe ezagutzera eman dute; prentsa oharrean ordua bakarrik zehazten da. 19:00etan hasiko da E3ko ekimenaren baliokidea izango den zuzenekoa. Youtube zein Twitch bidez jarraitzeko aukera egongo dela azpimarratzen dute arduradunek.
Bideojokoak ere aipatu gabe utzi dituzte, noski; hala eta guztiz ere, bertan ikusiko ditugun zenbaiten izenburuak susma ditzakegu: Starfield, Senua’s Saga: Hellblade II, Avowed, Redfall eta beste batzuk datorkiguz burura.
“Xbox & Bethesda Games Showcaseak Xbox ekosistemara iristekotan dauden bideojokoen zerrenda zabalari buruz ezagutu beharreko guztia bilduko du”, azaltzen dute oharrean. Nola ez, ekosistema horretan PC-a nahiz Game Pass zerbitzua daude kokatuta.
Ekainaren 12an 19:00etan hasiko da Xbox & Bethesda Games Showcase aurkezpena.
Iruzkinak