Bethesdarekin egindako akordioaren inguruan mintzatu da Xboxen arduradun nagusia. Bethesdaren 20 joko iritsi dira Game Passera.
Azken urteetan bideo-jokoen munduan irakurritako berririk garrantzitsuenetakoa da: Microsoftek Bethesda erosi du 7,5 bilioi dolarren truke, eta bi enpresek bat-egitea biziko dute. Zaleek akordioaren inguruan egindako galderen artean esanguratsuena esklusiboena da: zer gertatuko da The Elder Scrolls, Doom eta gainerako Bethesdaren jokoekin gainerako plataformetan?
Phil Spencerrek zalantza guztiak argitu nahi izan ditu Xboxek eta Bethesdak egindako mahainguru birtualean. Xboxen arduradun nagusiak zehaztu duenez, orain arte Bethesdak edukitako akordio eta hitzarmenak bete egingo dituzte: “ezin naiz hemen eseri eta Bethesdaren bideo-joko guztiak esklusiboak izango direla esan, gainerako plataformekin bete beharreko hitzarmenak daude-eta”. Spencer Deathloop eta Ghostwire: Tokyo bezalako lanei buruz ari da hori esaterakoan; bi jokoak PlayStationen aldi baterako esklusibotasuna daukate hitzartuta kontsoletan.
Baina zer gertatuko da etorkizunean? “Kontratu edota legatuen ondorioz hainbat plataformatarako garatu ditzakegun jokoak ere badaude“, adierazi du arduradunak. Hori horrela, obra esanguratsuenak Sonyren eta Nintendoren kontsoletan argitaratzea aurreikusten dutela pentsa daiteke, baina Spencerren hurrengo adierazpenek aztoratu dituzte jarraitzaile guztiak: “guzti hau Bethesdaren esklusiba handiak Xbox Game Passa duten plataformetan argitaratze aldetik doa eta hori da gure helburua, horregatik ari gara hau egiten”.
Azken esaldi horrekin Bethesdaren jokoak Xbox kontsoletara, PCra, Androidera eta iOSera soilik helduko direla suposa daiteke; hau da, Xbox Game Pass harpidetza zerbitzua erabili dezaketen plataformak, gaur egun behintzat. Azken hitz horiek argiak izan diren arren, Spencerrek plataforma gehiagotarako garatzeko asmo hori ere agertu du, beraz oraindik itxaron egin beharko da bat-egiteak benetan zer suposatzen duen ikusteko.
Akordioaren lehen ondorioak
Bi enpresen arteko hitzarmenaren ondorioak azkar batean ikusi dituzte jokalariek. Xbox Game Passerako Bethesdaren 20 bideo-joko kaleratu berri dituzte: horien artean aurkitzen dira azken hamarkadako lanik nabarmenetako batzuk, baita zaharragoak diren obra apartak ere. Hemen duzu zerrenda osoa:
- Dishonored: Definitive Edition (Xbox kontsolak, PC eta gailu mugikorrak)
- Dishonored 2 (Xbox kontsolak, PC eta gailu mugikorrak)
- DOOM (Xbox kontsolak, PC eta gailu mugikorrak)
- DOOM II (Xbox kontsolak, PC eta gailu mugikorrak)
- DOOM 64 (Xbox kontsolak, PC eta gailu mugikorrak)
- DOOM 3 (Xbox kontsolak, PC eta gailu mugikorrak)
- DOOM Eternal (Xbox kontsolak, PC eta gailu mugikorrak)
- Fallout: New Vegas (PC)
- Fallout 4 (Xbox kontsolak, PC eta gailu mugikorrak)
- Fallout 76 (Xbox kontsolak, PC eta gailu mugikorrak)
- Prey (2017) (Xbox kontsolak, PC eta gailu mugikorrak)
- RAGE 2 (Xbox kontsolak, PC eta gailu mugikorrak)
- TES III: Morrowind (Xbox kontsolak eta PC)
- TES IV: Oblivion (Xbox kontsolak eta PC)
- TES V: Skyrim (Xbox kontsolak, PC eta gailu mugikorrak)
- The Elder Scrolls Online (Xbox kontsolak eta PC)
- The Evil Within (Xbox kontsolak, PC eta gailu mugikorrak)
- Wolfenstein: The New Order (Xbox kontsolak, PC eta gailu mugikorrak)
- Wolfenstein: The Old Blood (Xbox kontsolak, PC eta gailu mugikorrak)
- Wolfenstein: Youngblood (Xbox kontsolak, PC eta gailu mugikorrak)
Guzti hauetara Game Passaren harpidetza ordainduta jokatu daiteke aipatutako plataformetan. Hori bai, hainbat ez dira betirako geratuko, joko asko zerbitzutik sartu eta irtetzen aritzen baitira.
Iruzkinak