Lizentzia digitalak erabiltzailearen kontura lotzen dira, baina ez dira iraunkorrak. Xbox Series eta One kontsoletako titulu gehienekin funtzionatzen du.

Xbox diskotik digitalera funtzionalitatea hedatzen hasia da. Abuztu bukaeran Xbox Insider programako erabiltzaileekin probatu ondoren, erabiltzaile guztiek erabili ahalko dute ezaugarri berria.

Izenak dioen bezalaxe, bideojokoak fisikoak digitalizatzeko balio du. Hau da, diskoa Xbox kontsola batean sartuta, prozesu erabilerrazaren ondoren, erabiltzailearen kontuan lizentzia digitala aktibatuko dugu, saltoki digitaletan erositako tituluen ezaugarri berberak mantenduta.

Erabiltzeko, Xbox kontsolan joko bakoitzaren menua irekitzerakoan, eskuratu lizentzia digitala (claim digital license) aukeran sakatu beharko dugu bertsio digitala gurera gehitzeko.

Lizentzia digitalak erabiltzailearen kontura lotzen dira, baina ez dira iraunkorrak: disko originala beste jokalari batek hartuz gero, lizentzia digitala bere kontura lotu dezake, lizentzia erabiltzaile originalaren liburutegitik desagerrarazita. Horrela, bigarren eskuko merkatua ahalbidetzen jarraitzen dute Xboxekoek. Diskoa erabilita jokatzea ere posible da, orain arte bezala, digitalki aktibatu gabe.

Ezaugarriak Xbox Series eta Xbox One kontsoletako jokoetarako balio du, Xbox originaleko nahiz 360ko tituluak kanpoan geratuta. Hala eta guztiz ere, oraindik ez du egungo gailuetako joko guztiekin funtzionatzen, argitaletxearen arabera, mugak egon daitezkeelako. Ubisoft edo Sega enpresak ez ziren programara batu duela hilabete, baina orain beren jokoak digitalizatzeko aukera dago. Square Enix eta beste handi gutxi batzuek zerbitzua eskaini gabe jarraitzen dute.

Zaleak, noski, digitalizaziorako prest dauden bideojokoen zerrenda eratzen hasiak dira. XCT.live webgunean 1.400 titulu baino gehiago ageri dira dagoeneko. Lizentziak ez dira Xbox kontsoletara mugatuko, noski: digitalizatutako jokoak PCko bertsioa badauka, Xbox aplikazioan azalduko zaigu.

Urte luzez eskatutako ezaugarria da diskotik digitalera eramatearena. Erabiltzaileei jaramon egin badiete ere, ziurrenik, beste asmo batzuengatik ekarri dute Xboxekoek: hurrengo kontsolen —edo PCen— belaunaldian euskarri fisikoa alboratzea izan daiteke enpresaren helburuetako bat, PlayStation-ek dagoeneko adierazi bezalaxe.