Dozena erdi zurrumurru hedatu ostean, Phil Spencer-ek “Xboxen etorkizunaren ikuspegia partekatzeko” ekimena egingo dutela aldarrikatu du.

Aldaketa handiak datoz bideojokoen industriarentzat. Xboxek negozio eredua zeharo aldatuko luke: bere bideojokoak PCan kaleratzeaz gain PlayStation eta Nintendo kontsoletara eramaten hasiko liratekela dirudi; erabakia datorren astean iragarriko lukete Redmond-ekoek.

Atzo egun osoan hainbat eta hainbat filtrazio zein zurrumurru zabaldu ziren sarean. Bakoitzak joko desberdina aipatzen zuen, baina guztiak Xboxenak: Starfield, Indiana Jones and the Great Circle, Gears of War edo Senua’s Saga: Hellblade II bezalako jokoak nahiz sagak PlayStationera iritsiko direla aldarrikatzen zuten.

Orain aste batzuk, gainera, antzekoa entzun genuen Hi-Fi Rush edo Sea of Thieves tituluekin; ordu hartan, ordea, Switch kontsolarako prestatzen dabiltzatela aipatzen zen.

Horrenbeste filtrazio jazota, Phil Spencer Xboxeko arduradun nagusia ez da isilik geratu. “Entzuten gabiltza” esaldi ezagunaren ostean datorren astean “negozio eguneraketa ekimena” egingo dutela iragarri du sare sozialetan. Xedea: “Xboxen etorkizunaren ikuspegia partekatzea”.

Zale askorentzat mezua ezkorra izan da, filtrazioek adierazitakoa egia dela baieztatzen dutela pentsatuz. Ez da harritzekoa: gezurrak izanez gero, ez lukete ekimenik egin beharko.

 

Zein da, beraz, Xboxen etorkizuna?

Entzundakoekin ez da batere erraza Xboxen etorkizuna zein izango den suposatzea, baina aurretik ere denetariko filtrazioak jaso ditugu. Esanguratsuak dira, adibidez, Xbox Series kontsolen modelo berriek euskarri fisikoa alboratuko dutela dioen txostena eta joko fisikoak kaleratzeaz arduratzen den Xboxen saila desagertzera doala adierazten duten zurrumurruak.

Hori horrela, Microsoften helburua pixkanaka Xbox marka berbideratzen joatea dela dirudi, azken pausoa hardware saila guztiz alboratzea izanik, lehen edo first party hornitzailea izan beharrean argitaletxe ardurak hartuta.

Azken urteetan egindako erosketa erraldoiak ere aipatzekoak dira, noski: Bethesda eta Activision Blizzard bereganatuta, industriako frankizia nagusiak ere bereganatu ditu Xboxek. Call of Duty, TES, Warcraft edo Candy Crush bezalako munstroekin, nola utziko ditu ba kontsolak orain?

Erantzun laburra euren jokoak gainerako plataformetara eramanda askoz gehiago irabaziko dutela da. Dena den, kontutan hartu behar da Xbox hiru handietatik kontsola gutxien saltzen dituena dela: PS5aren salmentek Xbox Seriesenak hirukoiztu egin zituen iaz.

Xbox Game Pass bezalako zerbitzuen hedatzeak ere hori pentsaraztera garamatza. Xbox kontsoletan ez ezik, ordenagailuetan nahiz gailu mugikorretan aurki dezakegu, modu desberdinetara, harpidetza arrakastatsua, eta gainerako kontsoletara eramateko asmoa ere entzun dugu zenbaitetan.

Etorkizuneko kontsolarako asmoak ere aipatzen zituzten Activision Blizzard erosterakoan AEBetako FTCak egindako epaiketan azaldutako txostenean. Bertan aipatzen zenez, mugikorren tankerako gailu hibrido merkeak argitaratzea bilatzen dute Xboxekoek.

Hortaz, Xbox kontsola gisa desagertzekotan dagoela —ez oraindik, baina bai urte batzuk barru— suposa dezakegu entzundako guztiak kontuan hartzen baditugu.

Datorren astean jakingo dugu, dena den, zeintzuk diren Microsoftekoen benetako asmoak.