Xbox Game Pass Ultimate zerbitzuko harpidedunek hodei bidez jokatu ahal dute 100 bat bideo-jokotara plataforma horietan.
Microsoft-ek iragarri duenez, Xbox Cloud Gaming zerbitzua beta fase itxian martxan jarri dute Windows 10 duten PC-etan zein iOS sistema eragilea erabiltzen duten mugikor adimentsu eta tabletetan. Hori horrela, hodei bidezko jokoa ahalbidetuko dute Xbox aplikazioaren erabiltzaileen artean.
Bi plataforma hauetan streaming bidez jokatzeko Edge, Google Chrome edota Safari nabigatzaileak baino ez dira beharko. Horien bitartez sortu berri duten webgunera sartu beharko dira betako hautagaiak; beta fasea bukatzerakoan ere bertatik funtzionatuko du zerbitzuak. “Hodei bidezko jokoa nabigatzailetik eskaintzeak eta weborri sinple eta unibertsal bat edukitzeak streaming jokoa jokalari gehiagorentzako aproposa izateko balio du”, adierazi dute Redmond-ekoek.
Zerbitzua aldez aurretik Android gailuetan erabilgarri egon da, baina beta fase berria aldaketekin dator. Izan ere, Microsoftek bere datacenter-ak eguneratu dituela azaldu du, Xbox Series X kontsolak erabilita. Modu horretara “karga denbora murriztuak, segundoko irudi tasa hobeak eta belaunaldi berriko esperientzia” lortu dutela diote streaming zerbitzuarekin. 1080p-ko bereizmenera eta 60 fps-ko abiadurara funtzionatuko du Xbox Cloud Gamingek, “mugarri berria ezarrita”.
Xbox Game Pass Ultimate harpidetza zerbitzuaren baitan eskaintzen dute streaming ezaugarria. Beta faserako gonbita jasotzen dutenek “100 bat bideo-jokotara jokatzeko aukera” edukiko dutela aurreratu dute Xbox-ekoek beraien blogean. Dragon Quest XI, Hellblade, Yakuza: Like a Dragon, Celeste eta askoz gehiago aurkitzen dira horien artean.
Bideo-jokoen zerrenda luze horretatik 50 inguru aginte arruntekin zein ukipen-pantaila bidezko kontrolekin gozatu ahalko direla azaldu dute arduradunek.
Etorkizunera begira askoz joko gehiago helduko dira Xbox Game Pass zerbitzura, eta horrez gain, Xbox Cloud Gamingera. Horien artean aurkitzen dira Halo Infinite eta Forza Horizon 5 bezalako Xbox Game Studios-en jokorik desiratuenak.
Iruzkinak