South of Midnight eta Clair Obscur: Expedition 33 desiratuei buruzko informazio berria ere eskainiko dute Redmond-ekoek.

Xboxek Developer Direct ekitaldiaren data berria ezagutzera eman du. Urtarrilaren 23an egingo dute aurkezpena, eta, erakutsiko dituzten bideojokoen artean Doom: The Dark Ages egongo dela baieztatu dute.

19:00etan hasiko dute 2025eko lehen zuzeneko handia; YouTube nahiz Twitch kateen bidez jarraitu ahalko dugu. Developer Directen ohiko formula errepikatuz, garatzaileei emango diete hitza euren bideojokoen berritasunak azaltzerakoan.

Doom: The Dark Ages id Software talde beteranoaren tiro joko berria da. Joan den ekaineko Xbox Games Showcase aurkezpenean ezagutu genuen tituluak Doom Slayer protagonistaren kondaira berriz bizitzera eramango gaitu. Deabruak, arma eroak eta odol mordoa agintzen ditu aurten PCan zein Xbox Series-etan, baita PlayStation 5ean ere kaleratzea aurreikusita dagoen lanak.

Are joko gehiago ikusiko ditugu ekimenean. Compulsion Games estudioaren South of Midnight ere pasako da bertatik: egungo zenbait animazio filme gogora ekar ditzakeen atal estetikoarekin, plataformak eta magia uztartuko ditu AEBetako zingiretan. Aurten estreinatu beharko litzateke ordenagailuetan eta Xbox Seriesetan.

Bukatzeko, Clair Obscur: Expedition 33 berriz ikusteko aukera edukiko dugu. JRPG zaleen arreta bereganatzea lortu duen titulua Sandfall Interactive frantsesaren lehen jokoa da. Persona edo Final Fantasy frankiziekin antzekotasunak dituela esan dezakegu, txandakako borrokak ardatz bezala edukita.

 

Joko sekretua

Aipatutakoak ofizialki iragarritako jokoak dira, baina beste ezusteko bat ere badaukatela adierazi dute Xboxekoek prentsa ohar ofizialean: “beste estudio baten joko berria ezagutzeko ustekabeko kokalekua bisitatzea” proposatzen digute.

Alarma guztiak jotzen hasi dira, azken asteotan zurrumurru interesgarria entzuten hasiak baikara. Jakin badakigu The Elders Scrolls VI ikusteko asko geratzen zaigula, baina, bitartean, Virtuos estudioa The Elder Scrolls IV: Oblivion maitatuaren berregitea prestatzen ari dela zabaldu dute hainbat insider-ek.

EXtas1s zaleak, gainera, urtarrileko aurkezpenean ikusiko genuela aurreratu zigun duela aste batzuk, Developer Directa ofizialki baieztatu aurretik. Insider berberak dioenez, remake-a aurten kaleratzea litzateke asmoa: PC, Xbox Series eta PS5 bertsioak prestatzen ibiliko lirateke.

Zumurruari sendotasun pixkat ematearren, Virtuoseko arte zuzendari teknikoak “PC, PS5 eta Xbox Seriesetarako iragarri gabeko Unreal Engine 5 bidezko berregitea” sortzen ari dela aldarrikatzen du bere LinkedIN profilean.

Ikusiko dugu, beti bezala. Xbox Developer Directa urtarrilaren 23an jarrai dezakegu.