Fable, Forza Horizon 6 eta Beast of Reincarnation tituluen jokagarritasun bideoak agindu dituzte.
Xboxek Developer_Direct ’26 aurkezpena iragarri du. Urtarrilaren 22an eskainiko da YouTube eta Twitch kateetan.
19:00etan hasiko dute zuzenekoa, eta, gutxienez, hiru bideojokoren jokagarritasun bideoak erakutsiko dituztela aurreratu dute antolatzaileek.
Lehena Fable desiratua izango da. Playground Games garatzen ari den bideojokoa 2020an ezagutu genuen aurrerapen txikiarekin; lehen bideo handia 2023an erakutsi ziguten, baina ordutik hona albiste txikiak iritsi zaizkigu. Hortaz, lehen aldiz jokagarritasuna erakusteko baliatuko dira Developer_Directaz.
Bigarren titulua ere Playgroundena da: iaz aurkeztutako Forza Horizon 6. Japonian girotuko den mundu irekiko lasterketa jokoa mugimenduan ikusiko dugu lehenengoz: kokaleku irrikatua zein auto ikusgarrien eboluzioa aztertzeko aukera daukagu, beraz.
Hirugarrena japoniarra da, eta estudio ezagunarena, gainera: Game Freak —Pokémon sagaren sortzaileak, alegia— taldeak Beast of Reincarnation aurkeztu zuen joan den urtean. Borroka dinamikoak, esplorazioa eta girotze berezia biltzen dituen Sekiro estiloko akziozko abentura izango dela dirudi. Xehetasun guztiak eskainiko dituzte zuzenekoan, beste behin, lehen jokagarritasun trailerrarekin.
Horiek dira Xboxetik baieztatutako bideojokoak, baina, hainbat iturrik aurreratu dutenez, ezustekoak ere egongo dira Developer_Directean: dirudienez, indie titulu interesgarri bat ezagutzera emango da.
Esandakoa: urtarrilaren 22ko iluntzean ikusiko dugu Xbox Developer_Direct ’26 aurkezpenean.
Lander Unzueta
Iruzkinak