Ultimate mailak hilean 26,99€ balioko ditu, Xbox-en titulurik berrienetara jokatzea eskainiz kontsoletan, hodeian zein PCan.

Xboxek aldaketak iragarri ditu Game Pass harpidetzan. Maila berriak ezarrita, zerbitzuarentzako prezio igoerak ere ikusi dituzte erabiltzaileek.

Aldaketa handiak dira, eta ez bakarrik prezio aldetik; izan ere, maila bakoitzak eskaintzen duen jokoen katalogoa nabarmen eraldatu da. Hau da eskaintza zaharberritua:

  • Xbox Game Pass Ultimate
    • 400 joko baino gehiago Xbox eta PC gailuetan zein hodeian.
    • 75 titulu berri jasoko ditu urtean, Xbox Game Studios markarenak barne.
    • EA Play, Ubisoft+ Classics zein Fortnite Crew harpidetzak batzen ditu.
    • Hodeian jokatzerakoan, lehentasuna itxarote zerrendan.
    • Prezioa: 26,99€ hilean.
  • Xbox Game Pass Premium
    • 200 joko baino gehiago Xbox eta PC gailuetan zein hodeian.
    • Xbox Game Studios joko berriak estreinatu eta urtebete baino lehenago jasoko ditu. Call of Duty jokoak are beranduago iritsiko omen dira.
    • Hodeian jokatzerakoan, itxarote zerrendak luzeagoak izango dira.
    • Prezioa: 12,99€ hilean.
  • Xbox Game Pass Essential
    • 50 joko baino gehiago Xbox eta PC gailuetan zein hodeian.
    • Prezioa: 8,99€ hilean.
  • PC Game Pass
    • Ehundaka joko PCan.
    • Titulu berriak jasoko ditu, Xbox Game Studios markarenak barne.
    • EA Play harpidetza barnean.
    • Prezioa: 14,99€ hilean.

Kontsoletarako harpidetzen kasuan, beti bezala, online zerbitzuetarako sarbidea biltzen dute Game Passek. Tartean, bideojoko berriak gehitu dituzte: Hogwarts Legacy zein Ubisoften hainbat klasiko, besteak beste.

Modu horretara, Xbox Game Pass Core harpidetza Essential izena dauka orain; Standard zerbitzua, berriz, Premium deitzen da. Alderatzearren, hauek ziren atzora arteko zerbitzuak eta prezioak:

  • Xbox Game Pass Ultimate (zaharra)
    • Xboxeko, PCko zein hodei bidezko bideojokoak, berrienak barne.
    • Prezioa: 17,99€ hilean.
  • Xbox Game Pass Standard
    • Kontsoletarako bakarrik, ez zituen jokorik berrienak eskaintzen.
    • Prezioa: 12,99€ hilean.
  • Xbox Game Pass Core
    • Murriztutako bideojokoen eskaintza.
    • Prezioa: 6,99€ hilean.
  • PC Game Pass (zaharra)
    • Ehundaka joko PCan.
    • Prezioa: 11,99€ hilean.

Xboxetik azaldu dutenez, harpidetzak ordainduta dituztenek ez dute prezio aldaketarik ikusiko hauek bukatu arte. Aldez aurretik, prezio berrien prezioa zehazten duen abisua jasoko dute.

Erabiltzaileak sutan jarri ditu albisteak. Denborarekin prezio igoera ikustea ezinbestekoa bazen ere, Ultimate zerbitzuaren aldaketa gehiegikeria iruditu zaie hainbati; gainera, Premium zerbitzuak joko berriak jasotzeko beharko duen denbora guztiz zehaztu gabe utzi dute, zalantza ugari sortuta. Sarean harpidetza bertan behera uzteko zenbait gida agertu dira dagoeneko.