Mod-ak instalatzeko aukera, bideojokoen kokalekuak aldatzekoa eta askoz gehiago dakar harpidetza zerbitzuaren azken bertsioak.
Aldaketa handiak iragarri ditu Xboxek bere PCko Game Pass aplikazioan. Zaleek pozik egoteko arrazoiak dituzte, aspalditik eskatutako ezaugarriak baitira: Xbox Wire-n adierazi dutenez, bideojokoen fitxategietara sartzeko aukera gehitu dute azken eguneraketarekin.
Zer suposatzen du honek? Aurretik muga eta baldintza gogorrak zituzten zerbitzutik instalatutako jokoek. Karpeta finko batean bakarrik instalatu zitezkeen eta hauek zifratuta zeuden, esate baterako. Hori guztia aldatu egin da.
Modak instalatzeko aukera da berritasunik esanguratsuenetakoa. Dagoeneko bideojokoen fitxategietara sar daitekeenez, hauek aldatzeko aukera dago; hori horrela, zaleek sortutako askotariko ezaugarriez goza daiteke orain. Horien artean dago, esate baterako, euskaraz jokatu ahal izateko fitxategiak instalatzeko aukera. Gaur bertan argitaratu dugu Outer Wilds bikainaren euskaratzearen albistea: Mobius Digital-en lana Xbox Game Pass-ean dago, beraz bertsio horretara gure hizkuntzan aritzea posible da orain.
Gainera, edozein karpetatan instalatu ditzakegu harpidetzako jokoak. Ahaztu disko gogorraren kanpoan dagoen WindowsApps karpetaz, eta antolatu zure bideojokoak nahi bezala. Horrekin batera instalatutako lanekin akatsen bat badago, hauen fitxategiak modu errazean egiaztatzeko eta konpontzeko aukera dago orain.
Dagoeneko instalatuta ditugun tituluekin erabil daitezke ezaugarri berri hauek. Horretarako, eskuineko klik-a egin beharko da joko bakoitzaren gainean, “kudeatu” botoia sakatu eta ondoren “aktibatu”.
PCrako zerbitzuaren eguneraketarekin batera, martxoan gehituko dituzten tituluen berri eman dute Microsoft-ekoek: Marvel’s Guardians of the Galaxy, Lightning Returns: Final Fantasy XIII, Kentucky Route Zero eta Young Souls dira, besteak beste, harpidetzara iritsiko diren obrak.
Iruzkinak