Prezio berbera mantenduta eduki gehiago eskainiko dituzte. Microsoft bere bideojokoen eta zerbitzuen etorkizunaz mintzatu da.

Microsoftek bere streaming zerbitzua Xbox Game Pass harpidetza sistemaren barne eskainiko du irailetik aurrera. Project xClouden bideojokoen katalogo osora jokatu ahalko dute Xbox Game Pass Ultimate zerbitzuagatik ordaintzen dutenek.

Eskaintza “herrialde zehatz batzuetan” soilik egongo da hasiera batean. Project xCloudekin Game Pass barnean dauden 100 obra baino gehiagotara mugikor edo tablet bidez jokatu ahalko da streaming bidez; kontsoletan eta PCan ere erabilgarria izango da.

Phil Spencer Xboxeko arduradunak Xbox Wire blogean azaldu duenez, ez dute hurrengo belaunaldirako jauzia derrigortu nahi: “Xboxeko jokalari guztiek Xbox Game Studiosen bideojoko berri guztietara jokatzea nahi dugu”.

Belaunaldietatik at

Hori lortzeko datozen bi urteetan kaleratuko dituzten Halo Infinite bezalako obrak Series X kontsola berrian ez ezik Xbox Onean ere jokatu ahalko direla agindu du Spencerrek.

Alderantzizko apustua ere egingo dute: retrobateragarritasunaren bidez aurreko belaunaldietako bideojokoetara jokatzea ahalbideratuko dute Series Xan. “Kontsola berri batek edukiko duen joko bildumarik zabalena lortuko dugu horrela, milaka obra jokatzeko prest edukita”.