Phil Spencer Xboxeko arduradun nagusiak barne mezu bidez adierazi die langileei.
Xbox Game Studioseko 650 langile kaleratuko ditu Microsoftek, IGN bezalako iturriek jakitera eman dutenez.
Kaleratzeak ez dira publiko egin, baina Phil Spencer Xboxeko arduradunak langileei bidalitako barne mezura sarbidea eduki dute hainbat hedabidek.
Spencerrek azaltzen duenez, erabakiak “Microsoft Gaming-eko 650 langile ingururi eragingo die”; antza denez, “babes eta laguntza funtzioei zein lan korporatiboei” lotutako pertsonak egotziko dituzte, “negozioa epe luzerako arrakastari begira antolatzeko”.
Bereganatutako talde berriak aipatzen ditu mezuan. Xbox Game Studios hazi ahal izateko hartu beharreko erabakia dela dio Spencerrek, “taldeen egituraketa zein negozioaren kudeaketa” bermatzeko.
Estudioei zein bideojokoei dagokienez, ez da itxierarik egongo: “erabaki honek ez du eraginik izango bideojokoetan, gailuetan zein esperientzietan, eta ez dugu estudiorik itxiko doikuntza honen ondorioz”.
Ehundaka kaleratze eman dira Xboxen nahiz Microsoften 2024an. Urtarrilean Xbox, Zenimax eta Activision Blizzard taldeetako 1.900 langile botako zituztela iragarri zuten; maiatzean, berriz, Arkane Austin, Tango Gameworks, Alpha Dog Games eta Roundhouse Games estudioak itxi zituzten. Zorionez, Tango Gameworksek bizirik jarraituko du, Krafton enpresak bereganatu ondoren.
12.190 kanporatze 2024an
2023an Activision Blizzard erosi zuenetik 2.250 langile kaleratu dituzte Xboxekoek. Spencerrek maiatzean adierazi zuenez, kaleratzeen zergatia “hazkunde faltan eta aurrekontuen igoeran” datza.
Urtearen errepasoa eginda, azken bederatzi hilabeteak inoizko gogorrenak izan dira bideojokoen industriarentzat: Videogamelayoffs webgunearen arabera, 12.190 langile kaleratu dituzte aurten —Xboxen gaurko 650ak gehitzea falta zaie oraindik—.
Iruzkinak