Etxeko zein hirugarrenen jokoak bilduko ditu Xboxek, beti bezala. The Outer Worlds 2 Direct emanaldia eskainiko du ostean.
Microsoft-ek Xbox Games Showcase emanaldiaren 2025eko data zehaztu du. Ekainaren 2an ikusi ahal izango dugu 19:00etatik aurrera.
Udako aurkezpenek handienetakoa izan ohi dena bueltan dator, beraz. Xbox Game Studios taldearen baitan aurkitzen diren etxeko garatzaileen zein hirugarrenen bideojokoak erakutsiko dituzte, beste behin, Xboxen YouTube zein Twitch kateetan.
Emanaldiaren ostean Xboxekoen esklusibo handietako bati eskainitako zuzeneko berezia antolatzea ohituran bilakatu da. Aurrekoetan Starfield Direct eta Call of Duty: Black Ops 6 Direct emanaldiak antolatu bazituzten, aurten Obsidian Entertainment estudioaren hurrengo jokoari berezko txokoa emango diote.
The Outer Worlds 2 Direct ekitaldiarekin lehen pertsonako mundu irekiko RPGa sakontasunean aurkeztuko dute saio nagusia bukatu bezain laster. Bide batez, jokagarritasun bideo berria utzi digute IGNko lagunek:
2025eko udako bideojokoen festa
Xboxek berea baieztatu badu ere, dagoeneko ohiko jokalari handietako batzuek ere udako emanaldi bereziak egingo dituztela ziurtatu digute.
Summer Game Fest da handiena, ziurrenik, berdeenarekin batera: ekainaren 6an ikusiko dugu aurten, eta oraingoz “40 estudio handiren bideojokoak” agindu dizkigu Geoff Keighley aurkezleak. Bukatutakoan, gainera, Day of the Devs indie jokoei zuzendutako saioa abiatuko dute.
PC Gaming Show saioa, egunotako beste klasikoetako bat, ekainaren 8an antolatuko dute aurten. Ordenagailurako bideojokoak izango dira nagusi, baina, zelan ez, multiplataforma obren aroan guztiontzako tituluak aurkeztuko dituzte.
Bideojoko atseginen jaialdia ere baieztatuta daukagu: Wholesome Direct 2025ak ez dauka egun zehatzik emanaldirako, baina ekainean 70 bat abentura independente atsegin biltzeko helburua daukate.
Beste bi handiak geratzen zaizkigu, hortaz: PlayStation-ek bere aurkezpen handia maiatz bukaeran edo ekain hasieran egiteko ohitura hartu du, baina egun batzuk lehenago iragarrita, itxaron egin beharko dugu. Antzekoa gertatzen da Nintendo-rekin: iaz ekainaren 18ra arte itxaron izan behar genuen Direct zuzenekorako, eta egun bat lehenago baieztatu zuten.
Iruzkinak