Fable, Halo: Campaign Evolved edo Marvel's Blade azaltzea espero da, besteak beste.
Xbox Games Showcase zuzenekoarekin errepikatuko dutela jakinarazi dute Microsoftetik. 2026koa ekainaren 7an ikusi ahalko da; egun berean, Gears of War: E-Day Direct emanaldia eskainiko dute.
Azken urteotako formula berreskuratzera datoz, beraz, Xboxekoak; izan ere, aurrekoetan XGSrekin batera Starfield, The Outer Worlds 2 edo Call of Duty jokoen zuzeneko bereziak prestatu dituzte.
19:00etan hasiko da emanaldia ekainaren 7an. Beti bezala, Xboxen YouTube nahiz Twitch kate desberdinetatik jarraitu ahalko dugu.
Xboxen zuzendaritzan aldaketa handietatik egindako lehen aurkezpena izango da: Phil Spencer Microsoft Gaming dibisioaren arduradun nagusiak eta Sarah Bond Xboxen presidenteak karguak utzi ondorengo lehena, alegia. Hortaz, Asha Sharma eta Matt Booty ordezkariak agertuko direla pentsa beharko dugu.
Bideojokoei dagokienez, ez dago baieztatutako ezer. Udazkenean estreinatu behar den Fable bertatik igaroko da ziurrenik; aurten jokatuko dugun Halo: Campaign Evolved berregitea ere agertzea espero da, noski; bukatzeko, Arkane Lyon taldearen desagertutako Marvel’s Blade ikustea espero dugu.
Lehen aurkezpena bukatu bezain laster ikusiko dugu Gears of Warrena. 2024tik desagertuta ibili den bideojokoa da Marcus Fenix-ena: urte hartako XGSean ezagutu genuen, baina ordutik hona ez dugu berririk jaso —Gears of War: Reloaded birmasterizazioa kaleratu dute tartean, hori bai—.
Orain, gainerako enpresa handien aurkezpenen baieztapenaren zain geratu beharko gara. Joan den astean entzun genituen zurrumurruen arabera, Nintendo ere ekainean itzuliko litzateke, ohi bezala; PlayStation, berriz, State of Play emanaldiak maiatzean antolatzera ohitu da. Summer Game Fest-aren data ezagutzen dugu, hori bai: ekainaren 5ean ikusiko dugu Geoff Keighley-ren lantaldeak prestatutako aurkezpen handia.
Ekainaren 7an emango dituzte Xbox Games Showcase 2026 zein Gears of War: E-Day Direct aurkezpenak.
Lander Unzueta
Iruzkinak