Microsoftek Xbox Game Studioseko garatzaileak Xbox Series X zein PCrako prestatzen ari diren bideojokoen ordubeteko aurkezpena egin du.
Maiatzean Microsoftek datorren belaunaldiko bideojokoen lehen aurkezpena egin zuenean, Xbox Game Studioseko garatzaileeen bideojokoak ekimenetik kanpo utzi zituen. Hori zuzentzeko Xbox Games Showcase izeneko aurkezpenarekin Xbox eta PCren etorkizunera begirako obra propioak ezagutzera eman ditu.
Aurkezpena izen handiekin hasi dute. Halo Infiniten lehen gameplay trailerra ikusi ahal izan da ekitaldian. Master Chiefen belaunaldi berriko abenturan mundu irekia izango dugu: bisitatuko dugun Halo edo eraztuna "azken bi Halo jokoak batera baino handiagoa" dela adierazi dute garatzaileek. Maila berri batera igaro arren, Haloren erroetara itzultzeko asmoa dutela erakutsi dute Xboxekoek.
State of Decay 3ren iragarpena etorri da ondoren. Trailer zinematiko labur batekin eman dute ezagutzera Undead Labsen zombien sagaren joko berria.
Microsoften saga ezagunenetariko batekin jarraitu dute: Forza Motorsport ere Series Xn egongo da, nola ez. Gameplay gordinik erakutsi gabe, Laguna Seca zirkuituko irudi batzuk ikusi ditugu, eta Xboxen auto lasterketa jokoak inoiz baino itxura hobea dauka.
Rare garatzaile britainiarrak joan den azaroko X019an Everwild erakutsi zuen, eta orain beste bideo labur batekin bideojokoaren inguruko xehetasun gehiago ezagutu ditugu. Sea of Thievesen arduradunak magiaz eta naturaz betetako mundu bizia sortzen ari dira datorren belaunaldirako.
Everwildekoek egin bezala, Life is Strangeko garatzaileek prestatzen ari diren lana aurkeztu zuten azaroko Xboxen aurkezpenean. Tell Me Why abentura narratiboak orain arte ikusitako Dotnoden jokoen bide berbera jarraituko duela dirudi.
Moon Studiosekoek ere beraien txokoa eduki dute, martxoan argitaratutako Ori and the Will of the Wispsen berritasunak nabarmentzeko. Xbox Series Xk Ori txikiaren azken abentura jasoko du hainbat hobekuntzarekin: 120fps-tara jokatu ahalko dela azaldu dute garatzaileek.
Obsidianekoek bideojoko berria iragarri dute: Avowed. Trailer zinematikoa soilik ikusi dugu, baina Microsoftekoek aipatu dutenez lehen pertsonan biziko den akziozko rol abentura izango da.
Grounded biziraupen jokoa datorren astelehenean estreinatzen da, eta hori gogoratzeko aprobetxatu dute aurkezpenean. Gainera The Outer Wildsen Peril on Gorgon espantsioa, Warhammer 40K Darktide, As Dusk Falls, The Gunk eta beste bideojoko askoren trailer laburrak ikusi ahal izan ditugu Microsoften eskutik, baita Tetris Effecten bertsio berria ere, Connected.
Double Finekoak crowdfunding bidez finantzatutako Psychonauts 2rekin lanean jarraitzen dutela aldarrikatu dute aurkezpenean. Jack Black aktore eta musikariarekin lan egingo dute beste behin. Gameplaya eta musika nahasten dituen bideo batekin abentura zoroaren irudi berriak ikusi ditugu.
Klasiko baten itzulera bizi izan da Xboxekoekin. Stalker 2k berriz ere Zona beldurgarrira eramango gaitu biziraupen eta akziozko jokoarekin.
Stalker eta Halo ez dira izan tiro joko berri bakarrak. CrossfireX akzio jokoaren kanpainako gameplay labur bat aurkeztu dute: mertzenarioen arteko borrokak izango dira abenturaren protagonistak.
Aurkezpena bukatzeko jokalari asko itxaroten aritu diren klasiko batekin jarraitu dute Microsoftekoek. Fable bueltan da, eta xehetasun gutxi eskaini dituzten arren Xbox Game Studios rol joko maitatuan lanean ari dela baieztatu dute trailer zinematiko baten bidez.
Aipatutako joko guztiak Xbox Series X eta PCrako kaleratuko dituzte. Halere, orain egun gutxi batzuk Phil Spencerrek datozen bi urteetan argitaratzen dituzten lan guztiak Xbox Onean ere jokatu ahalko direla ziurtatu zuen. Ikusitako trailer batzuek zalantzak sortzen dituzte: Everwildek eta Avowedek, esaterako, ez dute Xbox Oneko logorik azaltzen. Webgune ofizialetan baina, kontrakoa ikus dezakegu. Bertan bai azaltzen da Onerako ere argitaratuko direla, baina Microsoftek ez du ezer zehaztu oraindik.
Hori bai, Xbox Game Pass harpidetza zerbitzua indartzeko asmoa agerian utzi dute Microsoftekoek. Izan ere, aurkezpenean ikusitako bideojoko guztiak zerbitzuaren baitan egongo direla agindu dute, Xbox Game Studiosekoak ez diren jokoak barne.
Xbox Series X urte amaieran estreinatuko da, baina ez dugu argitaratze data zehatzik ezagutu aurkezpen honetan. Suposatzekoa da beraz etorkizun hurbil batean beste aurkezpen edo ekimen bat ikustea Microsoften aldetik.
Game Erauntsiatik aurkezpenaren zuzeneko jarraipena egin genuen Twitch bidez @Theprodigyeh-ren eskutik. Berriz ikusi nahi baduzu, gure Youtubeko kanalean aurkituko duzu bideo osoa:
Iruzkinak