Finantza txostenean emaitza kezkagarriak argitaratu dituzte Microsoft-ekoek: bideojokoetatik lortutako irabaziak % 9 murriztu dira, eta, Game Pass harpidetzakoak, % 5.

Microsoft enpresak Xbox bideojokoen dibisioaren azken zerga urteko txostena argitaratu du. Datuen eta zifren artean, azken zerga hiruhilekoan hardware salmentak % 32 jaitsi direla ageri da.

Xbox Series X eta S kontsolak zein bestelako gailuak hartzen dira kontuan: aginteak, esaterako. Microsoftetik ez dituzte zifra zehatzak eskaintzen. Hortaz, berri txarra bada ere, datu garrantzitsuena ezagutzea geratzen da: zenbat kontsola saltzen dituzten.

Datu kaxkarren artean, mugimendu eskasak egin dituztela aipatzekoa da: azken urteotan hardware zein harpidetza zerbitzuen prezioak areagotu dituzte Xboxetik —kontsolen prezioa birritan igo dute—. Xbox Game Studios garatzaile taldearen esklusiboekin hartutako erabakia, poztekoa bada ere, mingarria izan da, baita, enpresarentzat: azken urtean multiplataforma eredura aldatu dira, euren tituluak, PCan kaleratzeaz gain, PlayStation eta Nintendo kontsoletara egokituz.

Horri lotuta, bideojokoekin lortutako onurek ere behera egin dute Xboxentzat: % 9 murriztu dira, hain zuzen. Game Pass harpidetza zerbitzu desberdinetakoek ere joera bera jarraitzen dute, irabaziak % 5 jaitsita.

Amy Hood Microsofteko finantzen arduradun nagusiak aditzera eman duenez, bideojokoen emaitzak “aurreikusitakoak baino okerragoak izan dira, etxeko bideojokoek gidatutakoa”; hots, aurreko urtean Xbox Game Studiosetik kaleratutako tituluek “errendimendu indartsuak” eragindako emaitzak izan daitezkeela dio. Call of Duty sagaren gainbehera izan daiteke, beraz, erantzuleetako bat.

Etorkizunera begira, Xbox marka kontsoletatik at hedatzeko ahaleginekin jarraitzeko asmoa dauka Microsoftek. Jauzirik handiena Asus ROG Xbox Ally eskuko gailuarekin eman du; halere, etorkizunean Xboxeko jokoak bestelako gailu batzuetan jokatzeko eskaintza zabaltzeko lanean ariko dira.