Microsoft-ek zerga urteko lehen datuak argitaratu ditu. Game Pass zerbitzuak gora egiten jarraitzen du.

Xboxekoen bideojokoen atalak gora egiten jarraitzen du. Izan ere, irabaziak nabarmen areagotu dituzte: % 9 hazi dira 2024 urte fiskaleko lehen hiruhilekoan. Uztailaren 1etik irailaren 30era bitarteko epean 3.900 milioi dolarretako irabaziak eskuratu dituzte.

Horrela jakinarazi dute Microsoftekoek publikoki argitaratutako finantza txostenean. Bideojokoen hazkundearen laguntzarik handienetakoa Xbox Game Pass zerbitzua izan da, ohi bezala: edukien eta zerbitzuen aldetik lortutako onurak % 13 igo direla agertzen da dokumentuan.

Ez dute Game Passeko erabiltzaile kopurua zehaztu, baina hau ere hazi egin dela suposatzekoa da. 2022ko urtarrilean ezagutu genituen Game Passeko erabiltzaileei lotutako azken zifrak: ordu hartan 25 milioi harpidedun zituen bideojokoen zerbitzuak.

Harpidetza zerbitzua handitu, edo, hobetu esanda, moldatu egin dutela gogoratu beharra dago, halere. Xbox Live Gold oinarrizko online harpidetza Xbox Game Pass Core plataformarekin ordezkatu zuten irailean; hori horrela, Xbox kontsoletan online jokatzeko ezinbestekoa da Game Passeko harpidetzarik merkeena eskuratzea.

Dena den, Game Passeko harpidetza maila garestienek ezin dezakete bideojokorik gabe funtzionatu, eta azken hilabeteotan aspaldiko estreinaldirik handienak jaso ditu Xboxek.

Esate baterako, irailean estreinatu zen gaur egun Microsoftek bereganatutako Bethesda estudioaren Starfield desiratua. Forza Motorsport gehitu da orain gutxi zerbitzura —hau ez da oraingo zerga urtean sartzen—, baina aurretik Monster Hunter Rise, Wo Long Fallen Dynasty edo Lies of P bezalako izarrak lehorreratu dira plataforman.

Bideojoko indartsuei esker marka haustea lortu du harpidetzak: Game Passeko jokoetan inoiz baino ordu gehiago eman dituzte jokalariek. Starfield izan da, nola ez, arrakastatsuena: guztira hamaika milioi erabiltzaile izan ditu opera espazialak.

 

Kontsolak, behera, baina berrien zain

Hardware salmentek, baina, behera egin dute uztailetik irailera bitartean: % 7 jaitsi dira. Aipatutako bideojokoak ez dute lagundu Xbox Series X eta S gailuek erritmoa mantentzerako orduan.

Hori dela-eta, ez da harritzekoa Microsoft dagoeneko Series kontsola eraberrituetan pentsatzen aritzea: orain aste batzuk modelo eta aginte berriak filtratu ziren Activision Blizzard bereganatzeko epaien ondorioz.