PlayStation edo Switch gailuetan kaleratuko dituzte datozen asteotan.

Xbox jauzi multiplataforma emateko prestatzen ari da, eta uste baino lehen egingo du. Gainerako kontsoletan estreinatuko diren Xbox Game Studios-eko tituluak baieztatu dituzte Redmond-etik: Sea of Thieves, Hi-Fi Rush, Pentiment eta Grounded dira.

Ez dago ezuste handirik, beraz: joan den asteko podcast ofizialean Phil Spencer Microsoft Gaming-eko arduradun nagusiaren taldeak emandako gakoekin dagoeneko suposatzen genituen bideojokoak dira. Aurretik gehienak ezagutzen genituela aipatu behar da, noski, filtrazioek eta zurrumurruek ezagutzera ematen zituten obran baitziren.

Obsidian Interactive-n Pentiment abentura narratiboa multiplataforma bilakatuko da hainbat sari irabazi ondoren. Europar Erdi Aroan murgilduko gara hilketen istorioa argitzeko atal estetiko benetan berezia zein aparta duen abentura honetan. Gaur bertan hasi ahalko gara jokatzen, gainera, PlayStation 5, PlayStation 4 nahiz Switch gailuetan.

Hi-Fi Rush izan zen sarean gehien zabaldutako bideojokoa. Tango Gameworks-ekoek iaz kaleratutako hack and slash abenturak musika du protagonista, abestien doinua jarraituz eraso beharko dugu-eta. Xboxetik eta PCtik igaro ondoren, PlayStation 5en txanda izango da: martxoaren 19an ailegatuko da Sony-ren kontsolara.

Obsidianera itzuliz, atzoko Nintendo Direct Partner Showcase aurkezpenean jakin genuen Grounded Switchean estreinatuko dela; noski, PlayStation kontsolak aipatu gabe utzi zituzten. Biziraupen eta elkarlan abentura ederra apirilaren 16an merkaturatuko da hauetan. Joko gurutzatuarekin etorriko da; beraz, plataforma guztietako jokalariek elkarrekin jokatu ahalko dute.

Sea of Thieves Rare estudio britainiarraren pirata abentura arrakastatsua da. Sarera bideratutako jokoan gure gaizkile tripulazioarekin batera misioak betetzen, altxorrak biltzen eta ontzia kudeatzen ibiliko gara. Apirilaren 30ean estreinatuko da: kasu honetan, PlayStation 5ean.

Spencerrek aurrekoan aipatu zuenez, asmoa ez da Xboxeko joko guztiak gainerako plataformetan kaleratzea. Ikusteko dago, dena den, hori egia izango den, podcast berean esklusiboak indarra galtzen dabiltzala aitortu baitzuen.