2025ean bideojoko gailuentzako AA iragarri zuten Microsoft-etik. Asha Sharma Xboxeko arduradunak komunitatearekin batzeko beharra azpimarratu du.

Copilot adimen artifizialari agur esan diote Xbox gailuek. Asha Sharma Xboxeko arduradun nagusiak sare sozialetan jakitera eman duenez, “kontsoletarako Copiloten garapena bertan behera geratuko da”.

Windows sistema eragilean zein Microsoften zerbitzu desberdinetan geroz eta gehiago ikusten den tresna da Copilot. Enpresak adimen artifiziala indartzeko egindako ahaleginetan —beste multinazional guztien modura— txoko guztietan sartzeko saialdia ikusi da.

Hurrengo pausoa Xboxentzat zen: Xbox Series X eta S kontsoletako bideojokalariek Copilot bidezko gomendioak eta laguntzak jaso behar zituztela iragarri zuten 2025eko martxoan, aurten abiatzeko asmoarekin: jokoen erosketak bideratzea eta trikimailuak zein gidak aurkeztea zen, besteak beste, asmoa. Erabakiak, zelan ez, haserrea eragin zuen bideojokalarien komunitatearen artean.

“Xbox azkarrago mugitu behar da”, aitortu du Sharmak. “Komunitatearekin daukagun lotura sendotu, eta jokalariekin zein garatzaileekin ditugun desadostasunak kontuan hartu behar dira”. Hori horrela, “negozioa berrabiarazteko oreka edukitzea garrantzitsua” dela dio Xboxen buru berriak.

Oreka hori lortzeko bidean, “helmugarekin bat egiten ez duten ezaugarriak alboratzen” hasiko direla dio Sharmak. Lehen aldaketa Xboxen Copilot desagerraraztea izan da; horrekin batera, mugikorretarako Copiloten presentzia txikiagotzen joango da Microsoft.

 

Atsedenik ez aldaketak iragartzerakoan

Erabakia harrigarria izan da askorentzat, Sharmaren testuingurua ezagututa. Otsailean Phil Spencer-en kargua hartu zuen burua Microsoften CoreAI plataformaren arduradun nagusia izan zen aldez aurretik. Xbox egoera konplexuan aurkitzen dela nabarmena da: zuzendaritzako aldaketetatik hasita, esklusibotasunak alboratzea erabaki zuten baita, kontsolen eta hardwarearen salmentek behera egiten zuten heinean.

Etorkizunera begira, hurrengo Xbox ez da kontsola hutsa izango, itxura batean: kontsola formako ordenagailua prestatzen dabiltza Sharmaren taldekoak, PCko jokoak mugitzeko gai izango den Helix proiektua.