Igoera 50 eurotakoa da, orokorrean, hardwarearentzat. Periferikoen gomendatutako prezioa ere igo da.

Microsoft-ek prezio igoera iragarri du Xbox markako hardwarearentzat zein softwarearentzat. Xbox Series X zein S kontsolak eta Xbox Game Studios etxeko bideojokoak garestiagoak dira Euskal Herrian nahiz nazioartean.

Kontsolei dagokienez, prezio igoera atzo ezarri zuten. Hauek dira Xbox Seriesen modelo desberdinen eguneratutako salneurriak:

  • Xbox Series S 512 GB – 349,99 € (lehen, 299,99 €)
  • Xbox Series S 1 TB – 399,99 € (lehen, 349,99 €)
  • Xbox Series X Digital – 549,99 € (lehen, 499,99 €)
  • Xbox Series X – 599,99 € (lehen, 549,99 €)
  • Xbox Series X 2 TB Galaxy Black – 699,99 € (lehen, 649,99 €)

Gailuentzako periferiko ofizial desberdinek ere jasan dute igoera: aginte arruntak zein Elite mandoak garestiagoak dira jadanik.

  • Xbox Wireless Controller Core – 64,99 €
  • Xbox Wireless Controller Color – 69,99 €
  • Xbox Wireless Controller – Special Edition – 79,99 €
  • Xbox Wireless Controller Limited Edition – 89,99 € (lehen, 79,99 €)
  • Xbox Wireless Elite Series 2 Core – 149,99 € (lehen, 139,99 €)
  • Xbox Wireless Elite Series 2 Full – 199,99 € (lehen, 179,99 €)

 

Zalantzak bideojokoekin

Bideojokoen prezio aldaketa ez da gauzatu oraindik; adierazi dutenez, gabonetako kanpainari begira eguneratzeko asmoa daukate Microsoftekoek. Hori bai, prezioa zehaztu dute: 79,99 dolar balioko dute Xbox Game Studios taldeko AAA bideojoko berriek. Diotenez, gaurkotutako prezioa bideojokoen bertsio fisikoei zein digitalei ezarriko diete.

Prezioa eurotan aipatu gabe utzi dutenez, bihurtzeak zalantza asko eragin ditu europarren artean; izan ere, Microsoft Flight Simulator 2024k edo estreinatzear dagoen Doom: The Dark Ages-ek 79,99 euro balio dituzte dagoeneko. Hortaz, prezio aldaketarekin 89,99 eurotaraino igoko ote dira?

Igoerak ez die bideojoko guztiei eragingo. Are gehiago, espantsioak eta bestelako eduki gehigarriak orain arteko prezioan mantenduko direla azpimarratu dute Redmond-ekoek. Xbox Game Pass zerbitzuak ez du prezio aldaketarik jasoko, oraingoz, behintzat.

Ez da kontsola baten prezioa areagotzen ikusten dugun lehen aldia: esaterako, joan den hilabetean Sony-k PlayStation 5aren edizio digitalaren prezioa 50 eurotan garestitu zuen, 499,99 eurotan utzita.

Argi dago ez direla garairik onenak bideojokozaleentzat. Prezioak nabarmen igo dira azken urteotan, pixkanaka-pixkanaka: gailuak, bideojokoak zein harpidetza desberdinak —online jokatzeko beharrezkoak direnak barne— garestitzen joan dira, nahiz eta inoiz baino gehiago saltzen diren.