Steam moduko saltokietako jokoetara hodei bidez jokatzea ahalbidetzen du Nvidiaren zerbitzuak. Dohainik erabili daiteke.
Geforce Now da, gaur egun, hodei bidezko jokoa eskaintzen duten zerbitzu interesgarrienetakoa. Ezaugarriak gehitzen jarraitzen dute Nvidiakoek, gainera: Xbox kontsoletan erabili daiteke orain PCko 1.000 titulu baino gehiagotara jokatzeko.
Aukera hau Microsoft Edge nabigatzailearentzako euskarria gehitzeagatik da posible. Izan ere, Xbox kontsolek erabiltzen duten programa da saretik nabigatzeko: horri esker Geforce Nowen orrialdera sartu, eta bertatik norbere liburutegiko hainbat jokotara aritu daiteke. Steam, Epic Games Store, GOG eta beste hainbat saltoki digitaletako joko zehatzak biltzen ditu streaming zerbitzuak.
Are gehiago: zerbitzua doakoa da. Ezaugarri gehiago biltzen dituen ordainpeko premium maila duen arren, dagoeneko norberak erositako jokoetara ezer gehiago ordaindu gabe 1080p-ko bereizmenera jokatzea eskaintzen du Geforce Nowek: Cyberpunk 2077, Cuphead, Hollow Knight edota Half-Life 2 batzen ditu, besteak beste.
Xboxeko Edge nabigatzaileak, gainera, teklatuarentzako eta saguarentzako euskarria dauka; hori horrela, aginteentzako euskarria ez duten jokoak erabiltzea ere posible da.
Microsoften kontsoletan muga bereziak daudela dirudi, halere: Tom Warren kazetariak nabarmendu duenez, Death Stranding ezin da aurkitu zerbitzuan Xboxetik sartuz gero. PlayStationek argitaratutako jokoa izanik, baldintza bereziak daudela dirudi.
Hodei bidezko joko zerbitzuak are hobeto funtzionatuko du laster. Izan ere, Nvidiakoek ziurtatu dutenez RTX 3080 txartel grafikoen bidezko maila eskainiko dute etorkizunean, are kalitate grafiko hobea lortuta modu horretara.
Gaur egungo streaming zerbitzu desberdinen eskaintzei buruzko erreportaje sakona argitaratu genuen Game Erauntsian. Bertan Geforce Nowen ezaugarriak nabarmentzeaz gain, Xbox Game Pass, PS Now, Google Stadia eta beste hainbat plataforma aztertu genituen.
Iruzkinak