ROG Xbox Ally gailuek erabiltzen duten ezaugarria Helix proiektuari hasiera ematera dator.

Windows 11 sistema eragilea duten ordenagailuak Xbox modalitatea jasotzen hasiko dira apiriletik aurrera.

Jason Ronald Xbox Next Gen saileko lehendakariordeak GDC azokan eskainitako aurkezpenean iragarri dute jokalariei bideratutako aukera zabalduko dutela. Joan den urrian merkaturatutako ROG Xbox Ally eskuko gailuen lehenetsitako modalitatea da, beraz badakigu zer eskaintzen duen: agintearekin nabigatzeko Windows arina.

Moldatutako interfazearekin eta aukerekin batera, hainbat optimizazio eta aldaketa inplementatzen dira: hasierako aplikazioak desaktibatzen dira, eta, horretaz gain, zenbait zerbitzu eta bigarren planoko ezaugarri erabili gabe uzten ditu Xbox moduak, gailu xumeagoak bideojokoetara erabat bideratzeko; hobekuntzak bateriaren bizitzan ere nabariko ditugu. Ez dira aldaketa ikaragarriak, erabiltzaileek dagoeneko aipatutako gehienak egin baititzakete W11n; halere, sistema eragilearen bertsio arin ofiziala eskertzekoa da.

 

Helix proiektuaren oinarriak

Helburua argia da: Windowseko jokalariak mantentzea, azkenaldian ikusten gabiltzan ordezkoetara jo beharrean, bideojokoetarako egokia den ingurunea eskainita. Ez hori bakarrik, hurrengo Xbox belaunaldiak erabiliko duen sistema eragilea izango da; izan ere, joan den astean aurkeztutako Helix proiektuari buruz ere mintzatu da Ronald.

Hardwareari buruzko xehetasunak eskaini ditu hitzaldian, nahiz eta gako gehienak guztiz zehaztu gabe utzi dituen. AMDk neurrira sortutako SoC-a (txipa sisteman) eramango du, Lisa Su AMDko presidenteak aurreratu bezalaxe. Izpien trazaduran nahiz bideen trazaduran, DirectX-n eta FSR eskalatze sisteman —AMD FSR Next deitu dute— orain arte ikusi gabeko hobekuntzak lortuko dituztela azpimarratu du Ronaldek, baita Multi Frame Generation teknologia erabili ere.

Helixen garapen kit-ak 2027an garatzaileei banatzen hasiko direla dio lehendakariordeak. Logikoena gailua beranduago estreinatuko dela pentsatzea da, baina oraindik zalantza asko daude bere inguruan: Xbox eta PC jokoak mugitzeko gai izango dela aldarrikatu dute, baina ez dakigu belaunaldi berrian Xbox jokoak egongo diren, edo Helix gailukoak PCko bideojokoak izango diren soilik.

Beste aukera bat aurreko Xboxetako bideojokoak mugitzeko gai den ordenagailua izatea da: emulatuta edo hardware bidez Xbox, Xbox 360, Xbox One zein Xbox Series kontsoletako tituluak retrobateragarritasun bidez exekutatzeko prestatutako PCa. Helburua hori dela nabarmentzen dute NateTheHate bezalako insider ezagunek.

Prezioa guztiz ezezaguna da oraindik, baina aspaldiko zurrumurruei so eginez, punta-puntako gailu garestia prestatzen dabiltza Microsoftekoak. Suk datorren urtean merkaturatuko zela aipatu zuen, baina, egungo RAM eta biltegiratze krisia ikusita, ez litzateke harritzekoa izango Helix gailua 2028an ikusiko bagenu. Gauza bera gertatuko da, ziurrenik, PlayStation etxearen kontsola berriekin.