Redmondekoena ekainaren 13an egingo dute; Kiotokoen txanda bi egun geroago izango da. Etorkizunerako proiektuak aurkeztuko dituzte azokan.

Kostatzen ari zaie, baina enpresa eta garatzaile handiak hasi dira azkenik E3 2021erako ordutegiak zehazten. Ubisoftek aspaldi egin zuen, baina azken egunetan azokako izar handiak izango diren Xboxek zein Nintendok baieztatu dute noiz izango diren beraien ekimenak.

Xboxena ekainaren 13an izango da, 19:00etan. Aurten aldaketa handiekin datoz baina, eta hori aurkezpenaren izenburutik nabaritu daiteke: Xbox & Bethesda Games Showcase izenarekin egingo dute ekimena. Izan ere, Xboxek Bethesda eta Zenimax enpresak dituen bideo-joko estudioak bereganatu ditu. Hori horrela, guztiek elkarrekin egingo dute aurkezpena, Bethesdaren ohiko ekimena desagertuta.

Bi pisu handiek bat eginik, aurkezpen benetan indartsua espero da igande horretarako. Iraupena ere zehaztu dute arduradunek: 90 minutuko ekimen luzea izango da aurtengoa. Ekitaldia iragartzeko erabilitako irudian bertan ikusiko diren jokoak eta sagak aurreratu dituzte.

Ezingo da falta Halo Infinite: berandutzeak berandutze, Xbox Seriesen joko desiratuenetakoa da, eta aurten gainera lehen Xbox kontsola zein Halo: Combat Evolved estreinatu zirenetik 20 urte betetzen dira.

Bethesdaren Starfield desiratuaren logoa ere ikus daiteke irudi berean. Jason Schreierrek aurreratu zuen aurten trailerren bat erakutsiko zutela E3an, baina jokoa argitaratzeko asko falta dela dio kazetariak: 2022 bukaerara arte ez dute prest edukiko. Bi horiez gain Age of Empires 4, Psychonauts 2, Indiana Jonesen proiektua, Deathloop eta Ghostwire: Tokyo, hainbat ezusteko gehiagorekin batera, ikustea espero da Xbox eta Bethesdaren aurkezpenean.

Ohi bezala Nintendoren txanda azkena izango da E3ko aurkezpenen artean. Ekainaren 15ean egingo dute japoniarrek Nintendo Direct E3 2021 ekimena, 18:00etan hasita. N Handiak ere iraupena zehaztu du: 40 minututan Nintendo Switcherako 2021ean helduko den softwareari zuzendutako aurkezpena egingo dute.

Hau da, zaleek ez dute ahotik ahora dabilen Switch Pro hori ikusiko aurkezpen honetan. Erakutsiko dituzten bideo-jokoen aldetik espekulatzea baino ez dago. Breath of the Wild 2ren irudi berriak ikustea espero da; orain bi urte iragarri zuten eta ordutik hona ez dute berritasunik eskaini. Ez hori bakarrik, aurten The Legend of Zeldaren 35. urteurrena izanik zaleak irrikitan daude zerbait berria ikusi ahal izateko.

Metroid Prime 4, Pokemon Legends Arceus edota Splatoon 3 dira, besteak beste, Nintendo Directean azaltzea espero direnak.

Aurkezpena bukatuta, baina, bertan agertutako jokoak sakontasunean erakusteko Nintendo Treehouse jarduerari ekingo diote, ohi bezala. Hiru ordutan gameplayak, elkarrizketak eta gehiago batuko dituzte ekimen honetan.

 

Game Erauntsia, E3an

Aurtengoa E3 berezia izango dela gogoratu beharra dago. Azoka formatu digitalera igaroko da, hainbat aldaketekin. Dena dela gauza batzuk ez dira aldatzen, eta Game Erauntsiatik aurkezpen garrantzitsuenen jarraipena egingo dugu: gure Twitch kanaletik Xbox, Nintendo eta gehiagoren ekitaldiak zuzenean jarraitu ahalko dituzu gurekin batera.

Horrez gain beti bezala webgunean azken iragarpenen eta berritasunen albisteak irakurri ahal izango dituzu.