Hirugarren enpresa gehiagoren lanak erakutsiko dituzte ordu erdi inguru iraungo dituen egitasmoan.
Xboxek aurkezpen berria iragarria du bere atari ofizialean. Xbox Partner Preview ekimenak hirugarrenen bideojokoak bilduko ditu bihar: Capcom, Electronic Arts zein Nexon taldeek parte hartuko dute, besteak beste.
19:00etan hasiko da Partner Previewa, eta Xboxekoen YouTube zein Twitch kate ofizialetatik jarraitu ahalko da. Iraupenari dagokionez, 30 minutukoa izango dela aurreratu dute Redmond-ekoek.
Dozena bat trailer baino gehiago erakutsiko dituztela ere aipatu dute, baina hiru titulu soilik aipatzen dira blogean. EAren aldetik Tales of Kenzera: Zau interesgarriaren irudi berriak ikusiko ditugu.
Afrikar girotzea izango da nagusi apirilaren 23an estreinatuko den metroidvania honetan: bantu mitologiako elementuak hartuko ditu Surgent Studios-en abenturak. Plataforma nagusi guztietan ikusiko dugu.
Girotze afrikarra utzi, eta japoniarrean barneratuko gara; izan ere, Capcomek Kunitsu-Gami: Path of the Goddess ederraren berritasunak emateko aprobetxatuko du. Iaz aurkeztutako tituluak estetika benetan berezia proposatuko du, eta jokagarritasuna ere antzekoa izango da.
Deabruen eta jainkoen arteko borrokak nagusituko direla dirudi aurten Xbox Series, PlayStation 5 eta PC plataformetan kaleratuko den obran.
Bukatzeko, The First Berserker: Khazan eramango du Hego Koreako Nexon estudioak. Akzioa rol elementuekin batzen duen abentura dugu: anime estetikadun borroka ikaragarriak agintzen dituzte egileek.
Egia esan, DNF frankizian girotutako obra da Khazan; ez baduzue ezagutzen, ziur DNF Duel borroka jokoaren irudiren bat ikusi duzuela. The First Berserker “laster” argitaratuko da —ea data bihar ezagutzen dugun— Xbox kontsoletan nahiz PlayStation eta PC plataformetan.
Hauek guztiak eta askoz gehiago ikusiko ditugu Xbox Partner Preview aurkezpenean; esan bezala, bihar 19:00etan hasiko da.
Iruzkinak