Alan Wake IIren espantsioa, Like A Dragon: Pirate Yakuza in Hawaii, Wuchang: Fallen Feathers eta gehiago agindu dituzte Microsoft-ekoek.

Xbox Partner Preview berria iragarri dute biharko: hirugarrenen estudioek sortutako bideojokoak aurkeztuko dira zuzenekoan.

Xboxen YouTube zein Twitch kateetatik jarraitu ahalko dugu 19:00etatik aurrera. 25 minutuko iraupenarekin, denetariko bideojokoak biltzeko asmoa agertu dute marka berdekoek.

Garrantzitsuena, ziurrenik, ia-ia hemen daukagun Alan Wake II zoragarriaren espantsio handia da: The Lake House mugimenduan ikusiko dugu lehen aldiz.

Sega-koen Yakuza festak aurrera darrai, Goro Majima pirata bilakatuta ikusiko baitugu Like A Dragon: Pirate Yakuza in Hawaii zoroan. Estudio txinatarrentzako lekua ere egongo da; izan ere, Wuchang: Fallen Feathers soulslike interesgarria agertuko da berriro Xboxekoenean.

Horiek dira prentsa oharrean aipatzen dituztenak, baina ez dira bakarrak izango: “Hainbat nazioarteko iragarpen eta Xbox, Windows PC zein Game Pass plataformetara iritsiko diren beste zenbait titulu handi” azpimarratzen dituzte arduradunek.

Xboxek indarra galduko zuen bideojokoen esparruan, baina aurkezpenekin indar betean jarraitzen dute. Martxoan egin zen azkenengo Partner Preview erakustaldia; tartean, beste hainbat zuzeneko eta ekitaldi antolatu dituzte.

Esan bezala, bihar 19:00etan hasiko dute Xbox Partner Preview zuzenekoa.

 

Craig Duncan, Xbox Game Studios-en arduradun berria

Aurkezpenarena ez da Microsoftetik egunotan jaso dugun albiste bakarra. Xbox Game Studiosek arduradun berria dauka: Rare estudio britainiarreko zuzendari Craig Duncanek hartuko du kargua.

Alan Hartman ordezkatzera dator. Duncan 2011. urtean bilakatu zen Raren zuzendarian. Bere zuzendaritzapean Sea of Thieves zein Kinect gailurako hainbat titulu kaleratu ditu estudio beteranoak. Aurretik  Codemasters, Sumo Digital edo Midway taldeetan lan egindakoa da.

Xboxetik aipatzen dutenez, Duncan Halo Studios, Turn 10, Playground Games, Ninja Theory edo The Initiative estudioak kudeatzeaz eta koordinatzeaz arduratuko da.

Nola ez, Rarek ere zuzendaritza berria dauka: Joe Neate eta Jim Hoth dira arduradun berriak. Gaur egun, Sea of Thieves eguneratzen jarraitzeaz gain, Everwild izeneko proiektuan lan egiten dabiltza: aurten estreinatu behar zen, baina ez dugu ezer entzun aspaldian.